Musika talde usurbildarrak bere ibilbidea amaitzear duela iragarri du berriki. Azken kontzertuak iragarri ditu, azken-azkena Usurbilen. Hala iragarri zuten duela aste batzuk sare sozialen bidez. "Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna" zioen abesti zahar batek. 18 urteren ostean heldu zaigu agur esateko ordua. Baina aurretik, elkarrekin ospatuko dugu bidai zoragarri honen amaiera”.
Amaiera horren lehen geltokia, Orioko Etxeluze gaztetxea izango da larunbat honetan, urriaren 26an. Usurbilgo Ameba taldearekin eta Loita Amada taldearekin batera joko dute Odolaren Mintzoakoek. Sarrerak aurrez Aitzagan eskuratu ahalko dituzue. "Bizitzan maite ditugun gauzei agur esatea ez da inoiz erraza izan, horregatik, horrelako une batean, lagunez inguratu nahi izan dugu. Orion bizitza ospatuko dugu, beste behin! Ez galdu!", egin dute gonbita taldetik.
Hemen Odolaren Mintzoak eskainiko dituen azken emanaldien agenda:
-Urriak 26, 23:00 Orioko Etxeluze Gaztetxean, Usurbilgo Ameba taldearekin eta Loita Amadarekin batera. Sarrerak 6 eurotan aurrez salgai Aitzagan. Egunean bertan, 10 eurotan.
-Urtarrilak 17, Santiago de Compostelako (Galiza) Capitol aretoan.
-Urtarrilak 25, jaialdia Usurbilen.
Lau diska
2008an osaturiko taldeak kontzertu eta bizipen andana bildu ditu urteotako ibilbideetan, hainbat sortze lan argitaratzearekin batera:
-2022: "Hauskor".
-2017: "Etsipenaren aurka".
-2014: "Elkar Estudioa Sesioak".
-2013: "Odolaren Mintzoa".
Sorreratik agurrera, jatorrizko laukotea mantendu du Odolaren Mintzoak: Joanes Txueka (baxua, koruak), Beñat Txueka (gitarra), Jokin Irastortza (bateria) eta Luken Arkarazo (gitarra). Taldea sortu zen herri berean desegingo da datorren urte hasieran; Usurbilen bertan eskainiko duten jaialdiarekin.