KulturPotea

Lua Matheus Modern Farm eta Creepy Show gaur Artzabalen

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 25a, 07:04

Kultur Potea gaur Artzabalen.

Gure Pakea jubilatuen elkarteko jatetxean KulturPotea ekimenaren edizio berriko bigarren emanaldia izango da gaurkoa, urriaren 25ekoa. Lua Matheus Modern Farm eta Creepy Show, hortxe ostiral honetarako iragarri duten proposamena. Lucía Fernandez gonbidatu bereziarekin osatuko dute gaurko arratsalde pasa Artzabalen.

Hasiera, kubatar doinuekin
 Udazkenean ostiralero izango dute musika zuzenean Artzabalen eta pintxo zein tragoak hartzeko aukera izango da. Lehen kontzertuan erritmo latinoak ekarri zituzten Artzabalgo atarira urriaren 18an eta horrekin Olimpo herritar kubatarra omendu nahi izan zuten.

Udan zendu zen kubatarra eta herritar askok ezagutzen zuten eta maite zuten bere erritmo eta bizitasunagatik. Hala, dantzan eta umorez gogoratu zuten lehen Kulturpotearen babesean.