Itxaro Borda idazleak aurkeztu du lehen edizioan egin bezalaxe, "plazer handiz" nabarmendu duen moduan. Izan ere, ezaguna du herri hau, Baionakoak oroitarazi moduan, "biziki pozik naiz berriz hemen aurkitzeaz. Uste dut, ene biziaren parte hemen bizi izan dudala", iraganera jota, "Joxan Artzeren denboratik" oroitarazi duen moduan.
Azken urteotan, jaialdi honen baitan aurkezturiko Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoan ere parte harturikoa da Baionako idazlea. "Hemen pasatu nuen hilabete kasik oso bat zoriontsu, Santuenean". Egonaldi haren ondotik ere, "hainbat aldiz itzuli naiz. Askotan egon gara sarrera hitzaldiak elkarrekin egiten, bai Booktegin eta Geuretik Sortuak egitasmoan".
Errezitaldia
Jaialdi honen hirugarren edizioaren abiatzean, Odolaren Mintzoa taldearekin agur bira betean den kultur arloko zinegotzi ohi Luken Arkarazo izan du bidelagun Bordak. Kulturguneko kide ere baden usurbildarrak, kulturgileak eta zaleak elkartzen dituen bilguneak eta aipatu elkarteak bat egin zutela hasieratik oroitu du.
Errezitaldi labur batekin ekin dio Arkarazok Booktegi jaialdiari. Zumarte Musika Eskolako ganbarara joandakoei ongi etorria emanez hasi du kontakizuna. "Batu gara hemen, Usurbilen. Ezer ez da kasualitatea, hemen guretzat kultura egitea da gure debilidadea". Horren harira, Kulturgunea jorratzen ari den bidea ekarri du gogora. "...Kulturgunean adibidez, jo eta ke euskal kulturzaleen bila, sormena luzatzen, plazak arakatzen, komunikatzen, transmisioaren hariari tira eta tira, arazo indibidualak kolektibizatzen, elkarrekin indartsuagoak baikara".
Ildo horretan, Bootekgi elkartearen ekarpena goraipatu eta zoriondu du. "Aritz eta Booktegi horretantxe dabiltza, euskal literaturgintza hauspotzen lau haizeetara".
Albiste honi atxikitako bideoan duzue Bootekgi jaialdiaren aurkezpen ekitaldia.