"Usurbil, goazen kalera!"

Herri erdigune inguruan, aste honetako paseoa

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 28a, 08:53

Astearteroko ibilaldi osasuntsua, oraingo honetan, herri erdigune inguruan egingo da.

Urriaren 29ko "Usurbil, goazen kalera" herri erdigune inguruan egingo da, 10:30-12:00 artean. Duela hilabete eta erdi ekin zioten berriz egitasmoari, kaxkoan eginiko ibilaldi osasuntsuarekin. Geroztik, Aginagan, Santuenean eta kaxkoan egin dira paseo hauek.

Txandakatuz, zonalde ezberdinetan egingo dituzte ibilaldi hauek asteartero; Usurbilen, Santuenean, Aginagan eta Zubietan. Beti, tokian tokiko frontoian hasi eta amaituko dira. Paseo bakoitzaren bukaeran, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek sukaldaturiko hamaiketako ederra dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Elkar zaintza eta komunitatea eraikitzea
Izan ere, lankidetzan bideratzen da egitasmo hau, Udalarekin batera tokian tokiko ikastetxe eta jubilatu elkarteen eskutik. Jatekoa, aipatu moduan, Atallun kokaturiko ikastetxeko kideek prestatzen dute. Belaunaldiartekotasuna sustatzen du ekimenak; ikastetxeetako gazteak eta helduak batzen ditu eta asteroko hitzordu honek. Baina antolatzaileek nabarmendu bezala, herritar orori zuzendurikoa da eskaintza hau. Edonork parte har dezake, aurrez izena eman beharrik izan gabe.

Gainera, noizean behin, astearteroko paseoak ekintza bereziekin tartekatzen dituzte. "Ariketa fisikoa egitea bultzatzeaz gain, beste bi helburu nagusi ditu ekimenak. Batetik, belaunaldi artekotasunean sakontzea. Horretarako, jubilatuen elkarteek eta ikastetxeek elkarlanean antolatzen dituzte saioak, udalaren laguntzarekin: Gure Pakeak, Arratek, Gure Elkarteak, Aginagako eta Zubietako eskola txikiek eta Udarregi ikastolak. Bestetik, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ere badu helburu, komunitate izaera sustatzearekin batera", sustatzaileen esanetan.


"Usurbil, goazen kalera"
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Tokia: hasiera eta amaiera beti Usurbilgo herri edota auzoetako frontoietan.
Ibilaldi osasuntsuen egutegia:
-Irailak 17: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Irailak 24: Aginagan.
-Urriak 1: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Urriak 8: Santuenean.
-Urriak 15: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Urriak 22: Zubietan.
-Urriak 29: Usurbilgo erdigune inguruan (ekintza berezia).
-Azaroak 5: Aginagan.
-Azaroak 12: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Azaroak 19: Santuenean.
-Azaroak 26: Usurbilgo erdigune inguruan (ekintza berezia).
-Abenduak 10: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Abenduak 17: Zubietan.
Elkarlanean: Usurbilgo Udala; Oinarrizko Lanbide Heziketa; Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate jubilatu elkarteak; eta Zubieta nahiz Aginagako eskolak eta Udarregi ikastola.