"Arnasetik" bideosormen lehiaketan parte hartzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 28a, 08:48

10-16 urte arteko gazteei zuzenduriko bideosormen lehiaketaren hirugarren ediziora lanak aurkezteko azken egunak dira honako hauek.

Arnasa Gara ekimenak III. Arnasetik bideosormen lehiaketa antolatu du "euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko". UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da. "Lehiaketaren helburu nagusia gazteen eta haien komunitateen hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa sustatzea da, eta, horrez gain, euskara biziberritzeko funtsezkoak diren lurralde horietan euskarak duen garrantzia sustatzea".

Hiru kategoria
Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte urriaren 31 baino lehen. LH 5.eta 6. mailako ikasleek bere herriko txoko maite baterako bidea erakutsi beharko dute. DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek bere herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi beharko dute, jaia nola sortu zen, zergatik eta festa egun horretan zer sentitzen duten azaltzen duten bitartean. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek kazetari papera hartuko dute.

"Gazteek bi minutuko bideo originalak sortu beharko dituzte, beren herriekin eta euskararekin lotutako erronkei erantzuteko". Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du "besteak beste, IrrisarriLand, Gure Zirkua, Durangoko Azoka edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen sarreretan gastatzeko" bai eta publikoaren sari bat ere. Publikoaren sari hau, argi denez, publikoak berak erabaki ahalko du, azaroaren 5etik 15era boto bidez.

Argibide gehiago, arnasagara@gmail.com posta helbidean edota arnasagara.eus atarian.