Larra Dj-a ezagutzen genuen. Larra kantaria ordea, ezezaguna zitzaigun. Noiz bilakatu da Dj-a kantari?
Iñaki Larrañaga: Nik nire lehen taldea Santueneko lagun batzuekin osatu nuen. Talde horretan teklatua jotzen nuen. Gero, 25-26 urterekin, Sugoi taldea eratu genuen. Heavy estilokoa zen eta ni taldeko kantaria nintzen. Entsegu asko eta emanaldi gutxi eskaintzen genituen. Egia da adin ezberdinekoak ginela, batzuk lanean geunden, besteak ikasten... Eta zaila egiten zitzaigun taldearen martxa jarraitzea. Urte batzuen ondoren, Sugoi taldea desegin eta Goenkale-n hasi nintzen aktore lanak egiten.
Benetan?
Iñaki Larrañaga: Bai, bai. Kar, kar, kar. Atal batzuetan atera nintzen baina ez nintzen figurante hutsa, testua ere banuen. Lanean ari nintzen ordurako, eta Goenkale-ko minutu bat grabatzeko goiz osoa galdu behar nuen lantokian. Ez zen bideragarria eta telebistakoa uztea erabaki nuen.
Dj-a ere izan zara urtetan.
Iñaki Larrañaga: Andoni anaiaren ezkontzan Dj bat aritu zen. “Horrek egiten duena zuk ere badakizu egiten”, esan zidan emazteak. Eta horrela hasi nintzen. Haritz Harreguyk lagundu zidan, soinu ekipoa berarekin erosi nuen. Ekipo handiagoa edo argiak behar nituenean, Donostiako Bengoa Audiovisuales enpresakoei alokatzen nien. Halako batean, Bengoakoek aipatu zidaten Dj baten premia zutela eta ea animatuko nintzen. Horrela hasi nintzen ezkontzetan, eta festetan ere asko ibili nintzen.
Hemengo jai askotan ere aritu zinen lanean.
I. L.: Urte batzuk egin nituen baina erre egin nintzen. Ezkontza bat nuenean, egun osoa etxetik kanpo egoten nintzen. Ardura ere handia zen, batez ere ezkontzetan.
Astean zehar lantegian aritzen zinen eta, asteburuetan, Dj modura herriz herri.
Iñaki Larrañaga: Neketsua zen. Eta Dj gisa ibili nintzen azken garaian bereziki, asko gogaitu nintzen musika estiloarekin. Reggaetoia asko zabaltzen hasi zen eta ni ez nintzen estilo horrekin eroso sentitzen. Kaffa kafetegian hasi ginenean, orduantxe utzi nuen Dj lana. Zaila egiten zitzaidan bi gauzak uztartzea.
Larra: "Pandemian, Youtubeko tutorial batzuekin akordeak ikasi eta horrela hasi nintzen gitarra jotzen"
Larra kantariaren ibilbidea ordea, berri samarra da, ezta?
Iñaki Larrañaga: Pandemia garaian, hilabete egon ginen etxe barruan. Atera ezinik. Semearen gitarra genuen etxean eta zerotik hasi nintzen. Youtubeko tutorial batzuekin akordeak ikasi nituen eta horrela ekin nion. Gustagarria egin zitzaidan eta irakasle batekin hastea erabaki nuen. Herri honetan gitarrajole asko dago. Denei galdetzen nien eta batzuk topera zebiltzan, beste batzuk utzi berri... Eta azkenean, nire auzoan bertan topatu nuen soluzioa.
Dani Iglesias nire etxe ondoan bizi da eta bertan ematen ditu gitarra eskolak.
Zu Dani, musikaria zara eta horretaz gain gitarra eskolak ematen dituzu, ezta?
Dani Iglesias: Unibertsitateko ikasketak bukatu eta gero, Iruñean hasi nintzen gitarra eskolak ematen. Astean hirutan joaten nintzen Iruñera. Beste bi egun nituen libre, eta hemen hasi nintzen eskolak ematen.
Nire semea jaio zenean, ez nuen astean hirutan Iruñera joan nahi. Hemen inguruan gainera, gero eta ikasle gehiago nituen.
Usurbilen lokal bat duzu eta bertan ematen dituzu eskolak, ezta?
Dani Iglesias: Duela bost urte hasi nintzen nire lokalean eskolak ematen. Ordura arte etxez etxe ibiltzen nintzen, eta oraindik ere hala nabil, baina batez ere lokalean ematen ditut eskolak. Horretarako propio egokituta dago eta eskolak emateko toki aproposagoa da.
Andoaindik eta Villabonatik ere etortzen dira hona gitarra ikastera.
Grabazio-lanak ere egiten dituzu zure estudioan.
Dani Iglesias: Beti erakarri nau. Soinu teknikari lanak egin izan ditut eta grabatzeko joera ere badut. Hemen inguruan estudio oso onak ditugu eta sekula ez dut halako estudio bat egiteko asmorik izan. Baina bestetik, nire gitarra ikasle askok ez dute talderik, eta abestiren bat sortzen badute, ez dute kanta hori modu txukun batean grabatzeko modurik. Nik maketak edo demo-ak egiteko aukera eskaintzen diet. Askok nahi dutena grabazio txukun bat baita, eurentzako, edo euren ingurukoen artean zabaltzeko.
Dani Iglesias: "Musikari gisa bizi nahi baduzu, denetarik egiten jakin behar duzu"
Musikaria zara, eskolak ematen dituzu, grabazio-lanak egiten dituzu... Musikaren adar guztiak menderatzen dituzu, ezta?
Dani Iglesias: Azken batean, ogibide honi heldu nahi badiozu, denetarik egiten jakin behar duzu; eta aukera guztiei heldu.
"Sortze-prozesua gutxinaka egin dugu"
Larra, oraintsu kanta bat eman duzu argitara. Gitarra ikastearekin batera piztu al zaizu sortzaile zena?
Iñaki Larrañaga: Daniren kulpa da. Berak animatu ninduen. Behin esan zidan, "hurrengo asterako ekarri ezazu zuk egindako abesti bat". Ze esaten duzu? Erantzun nion. "Bai, dakizkizun akordeekin abesti bat egizu". Eta lehen aldiz nire burua entzun nuenean, asko harritu ninduen zein ondo entzuten zen dena.
Gitarra jotzen erakusteaz gain, zure ikasleei sortzaile sen hori pizteko joera duzu, Dani?
Dani Iglesias: Bai, niri gitarrajole bezala asko motibatzen nau sortzeak. Besteen kantak jotzen ikastea oso ondo dago baina zure kantak sortu eta jotzea bezalakorik ez dago. Ikasleek ematen dituzten urrats guztiak nik ere igaro ditut aurretik. Lehen grabazioak kaskarrak dira baina hobetzeko tartea beti dagoenez, horrek asko motibatzen zaitu eta asko lotzen zaitu musika instrumentura.
Ekoizpen lan majoa dago 'Bizi' kantaren atzean.
Dani Iglesias: Sortze-prozesua gutxinaka egin dugu. Gitarra grabatu genuen eta horren gainean joan gara beste instrumentu guztiak gehitzen, koroak...