Igogailuak instalatzeko dirulaguntza lerroaren ebazpena kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 28a, 08:00

Igogailuak instalatzeko dirulaguntza lerroari lotutako ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak.

Urte hasieran kaleraturiko dirulaguntza lerro bati lotutako ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak, astelehen honetako, urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez; igogailuak instalatzeko lanak egindakoek eska zitzaketenei zuzendurikoa hain zuzen.

"Usurbilgo udalerrian bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailua instalatzeko dirulaguntzen oinarriak onartu zituen" Udalak urte hasieran, urtarrilaren 11n. Zortzi egun geroago, oinarriok kaleratu eta eskabideak aurkezteko epealdia ireki zuen. Denbora tarte horretan, berrogei eskaera aurkeztu ziren. Apirilean dirulaguntza lerro honetara 10.000 euro gehiago bideratzea erabaki zuen Udalak.

Astelehen honetan kaleratu du ebazpena. Interesdunek alegazioak aurkezteko hamar eguneko tartea izango dute orain. "Aipatutako epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, ebazpen proposamen hau finkoa izango da", jakinarazi du Udalak.