Aginagan eta Kalezarren 2025eko udal aurrekontuen lehen aurkezpenak gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 29a, 07:55

Udal gobernu taldeak landutako 2025eko udal aurrekontu proposamena aurkezteko bilera errondari ekingo diote astearte honetan.

2025. urteko aurrekontuetarako proposamena lantzen ari da udal-gobernua, eta horren berri emateko bilera-erronda bat iragarri du. Astearte honetatik, urriaren 29tik azaroaren 12ra bitartean, bederatzi bilera antolatu ditu.  Lehenengo biak gaur bertan, Aginagan eta Kalezarren. "Tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko ditugu saiook, eta bakoitzeko auzotarrentzat ez ezik, herritar guztientzat irekiak dira". Erronda honen ondoren, eta okerrik ez bada, udal aurrekontuak hasieraz onartuko dira azaroko osoko bilkuran.

 

Tokian tokiko proiektuak aztertuko dira
2025eko aurrekontuez gain, bileretan landuko diren beste gai batzuk ere jakinarazi dituzte. Zenbait gai herri-auzoei oso lotuak dira, baina beste batzuk herritar guztientzako interesgarriak izan daitezkeela uste du udal-gobernuak. "Beraz, bilera horien izaera irekia" nabarmendu nahi du. "Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailua edo Santuenea eta Zubieta lotuko dituen bidegorria horren adibide izan daitezke", udal iturriek aditzera eman dutenez.

Herri-auzoa

Gaiak

Eguna

Aginaga. Eliza Zaharra.

Eliza Zaharra, alagunea, semaforoak.

Urriak 29

Kalezar. Pelaioenea.

Belmonte kalearen trafikoa.

Urriak 29

Santuenea. Frontoiko lokala.

Auzoko sarreraren berrantolaketa

eta autobus geltokia.

Urriak 30

Munalurra. Eguzki.

 

Urriak 30

Txokoalde. Txokoargi.

Altzonazko zubiaren obra.

Azaroak 5

Atxegalde. Udarregiko jangela.

 

Azaroak 5

Etxealdia. Potxoenea.

Igogailua eta irisgarritasun plana.

Azaroak 6

Zubieta. Kaxkape.

Bidegorriaren proiektua.

Azaroak 7

Kaxkoa. Potxoenea.

 

Azaroak 12

Oharra: Bilera guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.

 

"Oposizioko alderdiek ere ekarpenak egiteko tartea izango dute"

2025eko aurrekontuak azaroko osoko bilkuran onartzea da udal-gobernuaren asmoa: hala, abenduan jendaurrean izan, eta 2025 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen. Herri-auzoetako bilerekin batera, oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.