"Konta ditzagun ipuinak". Erregu baten itxura du saioaren izenburuak. Nola definituko zenuke?
Ixabel Agirresarobe: Gurasoei zuzendutako keinu bat ere izan daiteke. Dena den, izenburu horrekin adierazi nahi dudana da edozein adineko pertsonak duela ipuin bat kontatzeko gaitasuna. Kontatu egin behar dira gauzak eta urriaren 30ekoa horretarako gonbidapen bat da. Pasa dezagun une bat elkarrekin, ipuinak kontatzen. Ahozkotasunaz gozatzeko modu gustagarri bat izango da.
Partehartzea sustatzen duen saio bat izango da hortaz.
Nik nire kontaketa egiteko asmoa dut eta horrek eredu gisa balio badie, bestelako materiala eskaniko diet istorioak sortu eta kontatzeko.
Urriaren 30eko kontakizunera hurbiltzen direnei irizpide batzuk emango dizkiezu?
Bai, tresnak sinple batzuk. Tailer moduko bat izango da. Nik eskainiko dudan material
horrek adibidez, piztu dezake iraganean gertatutako zerbait kontatzeko gogoa. Norbaiti kontatzeko gogo hori pizten bazaio, denon artean konpartitzeko aukera izango du.
Udal liburutegian, txikien txokoan elkartuko dira. Gaztetxoak heldu baten konpainian joan beharko du, ezta?
Familia giroko saio bat izango da. Harremana izan daiteke haurra eta bere guraso baten artekoa, edo haurra eta bere arduradunaren artekoa.
Beste zerbait gehitu nahiko al zenuke?
Hizkuntzarekin gozatzeko modu bat bultzatu nahi dut. Ahozkotasunari lotutako kontuak nabarmendu, ahaztuta ditugun espresio horiek gogora ekarri,...
Sutegi udal liburutegiko programazioa
Urriak 30, asteazkena
18:30 "Konta ditzagun ipuinak" saioa Ixabel Agirresaroberekin. 5-8 urte arteko haurrentzat eta haien guraso edo zaintzaileentzat.
Azaroak 5, asteartea
19:00 Jon Artanoren "Juana" liburuaren aurkezpen-solasaldia egilearekin.
Azaroak 13, asteazkena
18:00 Ipuin-kontaketa Miriam Mendozarekin, HH3-HH5eko haurrentzako.
Azaroak 19, asteartea
18:30 Irakurketa solasaldia Yolanda Arrietarekin LH6-DBH1eko gaztetxoentzat.
Azaroak 27, asteazkena
18:00 Irakurketa solasaldia Yolanda Arrietarekin, LH3-LH5eko haur eta gaztetxoentzat.
Izen-ematea: aurrez, Sutegi udal liburutegian.
Oharra: solasaldiotarako liburuak aurrez liburutegian bertan eskuragarri.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.