Bizipoza Elkarteak zortzigarren jardunaldiak iragarri ditu Usurbilen Mundualdia jaialdia ospatuko den azaroaren 16rako. “Urtero antolatzen diren jardunaldiek helburu bikoitza dute”, sustatzaileen esanetan. Batetik, “elkarte guztiak elkartu eta bakarrik ez daudela, elkarren babesa sentitzea” eta, bestalde, “elkarteen interesekoak diren gaiak landu, esperientziak partekatu eta mahainguruetan parte hartuz, tresna desberdinak eskuratzea”.
Aurreko bi urteetan bezala, Usurbil hautatu du Bizipoza elkarteak bere aurtengo jardunaldietarako. Aurkezpen gutxi behar duen gizartegintza egitasmo honek izaera bereziko gaiak plazaratu eta euskaraz sentsibilizatzen dihardu. Horrez gain, errealitate horietan eragiten diharduten elkarteoi laguntza afektiboaz gain, eguneroko jardunerako beharrei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza eskaintzen dute.
Zaintza sistema publiko komunitarioa izan zuten hizpide 2022an, Bizipoza Eskola aurkezteko baliatu zuten iazko hitzordua. Aurtengoak “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen” aldarripean egingo dituzte. "Arrazakeria ez da arazo indibiduala bakarrik, baizik eta gure gizarte-egituretan eraiki eta errotutako fenomenoa da. Desberdintasuna eta diskriminazioa betikotzen duten jarrera, praktika eta politiketan agertzen da. Ekintzaile eta norbanakoen bizipenetatik abiatuta, “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen” jardunaldiak arrazakeriaren sustraiak hobeto ulertzea du helburu, zeintzuk diren honen ondorioak eta nola deseraiki ditzakegun egitura horiek gure eguneroko bizitzan", antolatzaileen esanetan.
Gogorarazi dutenez, "elkarrekin kontzientzia sor dezakegu eta aldaketa esanguratsuak sustatu gure gizarte-egituretan eta zure ahotsa eta presentzia funtsezkoak dira gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko. Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean arrazakeriaren aurkako borroka ere guztion erantzukizuna da".
"Hausnarketarako, elkarrizketarako eta ekintzarako"
Arrazakeriaz ulertzen duguna, elkarteen begirada edota “euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitatean” hizpideon bueltan arituko dira azaroaren 16an, 9:30-13:30 artean Sutegin. "Arrazakeriaren inguruan hausnarketarako, elkarrizketarako eta ekintzarako diseinatutako gune bat izango da eta aditu, ekintzaile eta elkarteko kideek parte hartuko dute", iragarri dute.
Dagoeneko hitzordu honetarako izena eman dezakezue labur.eus/bizipoza8 helbidean izango duzuen formularioan. Informazio gehiago, bizipoza.eus atarian jaso ahalko duzue.