Eskuz landutako denetariko produktuen erakustokian bilakatuko da herri hau beste behin, azaroaren lehenean. Artisauen eta artisautza estimatzen dutenen topagunea izango da Usurbil ostiral eguerdian, Aitzaga Kultur Elkarteak antolaturiko 28. Artisau Azokarekin.
Postuaren alde banatan daudenak hartuemanetan jartzeko aukera paregabea izango da aurtengoan ere. "Hogeita hamar postu inguru izango dira: bitxigintza, kosmetika, egur-lanketa, zeramika, otarregintza, metalgintza...", aurreratu dute antolatzaileek. Horrekin batera, erosketak ere egin ahalko dira, talo goxoak dastatzeaz gain.
Garai batean, frontoian soilik egiten zuten azoka azken urteotan eremuz zabaltzen joan dira. Duela bi urte, Dema plazara hedatu zuten azokaren gunea, iaz Askatasuna plazako estalpera baita. Aurten ere halaxe egingo dute.
"Nire meditazio momentua da"
Postuetan barrena egin ahalko den osteratxoan, tokiko sorkuntza lanak ezagutzeko aukera izango dugu. Bi herri marka eta horien atzean dagoen lanketari lotutako lekukotzen berri duzue lerrootan; "Xükä" ("xuka_eskuz_egina) eta "Eiti Eskulanak" (@eiti_eskulanak) izenekoena. Bada bien artean lotura emozionalik ere, ama-alabak daude eta tartean eta haien bidez, azken urteotan nabarmen gaztetzen doan zaletasun bat; joskintzarena.
"Xükä" marka Josune Estella Arranzen sortze lanena da, agurtu behar izan zuten txakurraren omenez jarritako izena. NOAUA!ri adierazi dionez, "fofutxak" izeneko panpin pertsonalizatuak egiten ditu enkarguz. Modu berean aritzen da bereziki, bere artisautza lan nagusian, joskintzari lotutakoan. "Poltsak, nezeserrak, estutxe txikiak, lepokoak..." egiten ditu, baita "arropa senideentzat". Jarduera hauetan murgildu izan ziren bat baino gehiago covid19ak eragindako osasun krisialdi betean, ohi baino denbora gehiago etxean igaro behar genuen garaian. Birus ezezagun batek etxeratuko gintuela ez genekien 2020ko konfinamendu orokor haren aurretik hasi zen Josune trebatzen, Zarauzko ikastaro batean. "Ama jostuna izan da. Beti saiatu da guri joskintzarako zaletasuna transmititzen, baina ez zuen lortu. Konfinamenduaren urtean, Zarautzen hasi nintzen ikasten eta zaletasun handia piztu zitzaidan", oroitarazi digu Estellak. Horri segida emateko, Zubietako Jone Iruretagoiena azken urteotan Potxoenean eskaintzen ari den trebakuntza saioetan parte hartzen hasi zen eta "berarekin jarraitzen dut". Ikastaroan zehar, azaldu digunez, "berarekin, batez ere, arropa egiten dut. Oinarria lantzen dut, josteko teknikak ikasten ditut". Hortik aurrerako sormena lagunekin partekatzen duen horretatik edo saretik jasotzen du.
Bere sortze lanen ezaugarriei buruz galdetuta, nabarmendu digunez, "batez ere, praktikoak dira. Horrez gain, lanak ondo errematatzea nahi izaten dut". Joskintzak zer ekarpen egiten dion galdetuta, "lasaitasuna, erronkak jartzea... Adimen emozionalarekin lotzen dut. Niretzat, joskintza nire meditazio momentua da, zentratzen laguntzen dit eta gero, oso ondo sentitzen naiz. Gainera, ikusten baduzu sortzen ari zaren hori ondo ateratzen dela, ederra da".
"Izugarrizko lana dago atzean"
Urrats berri bat ematera doa orain; estreinakoz, azaroaren 1eko Artisau Azokan ikusgai jarriko du orain arte egindakoa. "Iaz esan nuen egingo nuela baina lotsagatik esan nuen ezetz. Baina konturatzen naiz gauzak egiten ditudala eta hor uztekotan, nahiago dut jartzea postu batean. Lotsa alboratu eta sormena plazara atera behar dugu", adierazi dio Estellak NOAUA!ri. Halako azokak oso gustuko ditu eta garrantzitsutzat jotzen ditu, "artisauen lana ezagutu eta egiten dutena partekatzeko. Izan ere, "bizitza ematen dute azoka hauek. Haien gaitasuna ari dira partekatzen gurekin, hori oso garrantzitsua da". Baita ikusten ez dugun sorkuntza prozesuaren ezagutza ere. "Askotan entzuten dugu, ze garestiak diren gauza horiek. Baina izugarrizko lana dago horren atzean. Materiala ere ez da merkea".
Txikitatik
Gaztetzen doan jarduera da honakoa. "Ama harrituta dago. Ilusioa egiten dio egindakoa ikustea. Epaile onenak haiek dira". Josune ostiraleko Artisau Azokako postuetako batean aurkituko duzue; beste batean, bere alaba Eider Makazaga. Irati Gabellanes lagunarekin batera ere estreinakoz parte hartzera doaz azaroaren 1eko Aitzaga elkartearen ekimenean. Denetarik aurkituko omen dugu haien eskaintzan. "Belarritakoak, kakorratz-lanez eginiko poltsak, makramea, ilustrazio batzuk... Azkenean, gustuko ditugun sorkuntza lan guztiak". Batxilergo artistikoa egindako Eider hasi zen bere kabuz jarduera hauetan. "Barne diseinua eta ilustrazioak egitea beti gustuko izan dut". NOAUA!ri azaldu diotenez, "kakorratz-lanena, azken hilabeteotako kontua izan da. Koadrilako bat dugu oso trebea eta beraren bidez hasi ginen". Egun baden aplikazio espezifiko baten bidez ere inspiratzen dira. "Ez gara adituak baina ikusten dugunarekin sortzen saiatzen gara. Egiten hasi eta bapatean poltsa bat sortu duzu".
Zaletzen joan dira azken urteotan, baina txikitatik arituak dira pultserak egin eta maindire baten gainean ikusgai jartzen. Orain, "beste profesionaltasun maila bat eman nahi diogu" jarduerari. Irudia ere sortu dute; eskuz altxa gabeko marra bakarrez eginiko lore bat.
"Bakarrak"
Senide eta lagunentzat egin dituzte sorkuntza lanok. Orain, estreinakoz jendaurrean erakustera doaz, azaroaren 1eko Artisau Azokan. Aldez aurretik, ordea, haien Instagram kontuan erakusgai jartzen hasi dira, "jendeak ikusteko zer egiten dugun eta etor daitezkeen enkarguetarako. Gure asmoa, azokaz haratago gauza gehiago egitea da. Ea gustatzen zaigun eta animatzen garen beste tokietara joatea. Pixkanaka ikusten joango gara". Argi dutena da, ostiraleko hitzorduak egingo dien ekarpena. "Ederra da gremio bereko jendea ezagutzea. Asko ikasten da besteengandik ere. Interesgarria da besteen lana ikustea, norberarena gainerakoekin partekatzea". Gehiago baloratu beharreko sektorea da honako hau, elkarrizketatuen esanetan. Izan ere, artisautzak, gogorarazi duenez, "ez du lan prozesu bera. Eskuz, mantso, maitasunez egindako produktuak dira" eta nabarmendu digutenez, "bakarrak". Hain zuzen, "antzeko produktuak egin ditzakezu baina inoiz ez da berdina aterako. Horregatik, eskuratzen dena produktu bakarra da". Errepikaezina.
Ama azokan parte hartzera animatu ondoren, "orduan esan genuen, zergatik ez? Esperientzia berri bat izango da, barrutik nola den bizitzeko. Beti estimatu izan ditugu eskuz eginiko lanak. Orain beste aldetik biziko dugu hori guztia". Jo eta su ari dira prestaketa lanetan egunotan, "egunero hitz egiten, hutsuneak geratzen bazaizkigu zer egin erabakitzen". Azoka egunerako argi dute; "lehentasuna ez da saltzea, ondo pasa eta esperientzia berri bat bizitzea baizik. Jendeak ikustea zer lan egiten dugun". Sormena plazara aterako dute.