Elkarguneaz hausnartzeko bilera girotua deitu du gaurko Aztarrikak

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 31a, 11:34

Gazteek Elkarguneaz duten ikuspegia biltzeko solasaldi girotua antolatu du gazte asanbladak ostegun honetarako, urriaren 31rako Sutegi atarian.

"Zertarako behar dugu gazteok Elkargunea?". Galdera horri buruz hausnartuko dute ostegunerako antolatu duten saioan. "Galdera horri erantzuna emateko" solasaldia iragarri du Aztarrikak urriaren 31rako Sutegi kultur-etxearen atarian. Girotua izango da hitzordu hau. Izan ere, Ilargi bakarlariaren emanaldiak osatuko du ekitaldia. 

Urriak 31, osteguna
19:30 Solasaldia Sutegi atarian.
Ondoren, Ilargi bakarlaria.

Antolatzailea: Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada.


Urratsez urrats
Proiektua diseinatzeko Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesua bideratu zuten urte hasieratik udaberri amaierara arte. Elkargunea ezaugarrituko duten balioak, kudeaketa eredua, barne-antolaketa, espazioa... eta gai gehiago ahotan hartu zituzten. Prozesu horretan oinarrituko da etorkizunean, anbulatorio ondoan eraikiko den eremuko egoitza. Nerabeen, gazteen nahiz kulturgileak biltzeko gunea izango da, ez soilik nork bere egitasmoak garatzeko, baita lankidetzan aritzeko ere, sinergia berriak sortzeko eta hortik herri mailan eragiteko.

Urte hasieran bideratzekoak ziren prozesua aurkezteko agerraldian, gazte asanbladatik aditzera eman zutenez, gune propio baten beharra aspaldidanikoa izan dute. "Usurbilgo Elkargunearen proiektua gaztetxe baten beharra aldarrikatzetik dator. Gazteok gure sentituko dugun espazio bat behar dugu herrian, herri mugimendua hauspatzeko eta indartzen jarraitzeko".

Gunea bera topaleku izan daiteela uste dute, "herriko eragileekin partekatzeko modukoa. Izan ere, sinetsita gaude elkarlanean diharduen gazte mugimenduak herrian eragiteko gaitasuna eta grina biderkatzen duela".

Argudio hauek tarteko, sustatu nahi zuten elkargune bat Usurbilen. Ideia Kulturguneari eta Ziortza gazte elkarteari eta Gaztelekukoei aurkeztu zieten. Haien guztien lankidetzatik hasi ziren irudikatzen "herriko nerabeen, gazteen eta kulturgileen arteko lotura". Ildo honekin, "sinetsita gaude, kultur zein gazte eragileek gune bat partekatzeak herriko ekimen komunitarioak elikatzen lagunduko duela".

Prozesu horretan parte hartu zuten kultura nahiz aisialdi edota gazte mugimenduari lotutako eragileek. Gazteen ikuspegi hau jorratzeko, horretan sakontzeko solasaldia iragarri du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak hilaren 31 honetarako.

Mailegua
Egitasmo honi lotutako azken albistea udalbatzaren irailaren 26ko osoko bilkuran izan genuen. 2,7 milioi euroko kreditu aldaketa bat onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz. Kreditu aldaketa horri aurre egiteko mailegu bat eskatuko du Udalak. Diru kopuru hau bi proiektu garatzeko baliatuko dute; batetik, anbulatorio ondoko zelaian kokatu asmo duten Elkargunerako eta baita haur eskola eraberritzeko ere.