Ostegun arratsalde honetan, hilaren 31n bildu da, hilero egin ohi duen moduan, udalbatza osoko bilkuran. Gai ekonomikoak nagusitu dira urriari dagokion saio horretan. Hein handi batean, gai ekonomikoak izan dituzte hizpideen artean. Batetik, 12.500 euroko kreditu aldaketa bat onartu dutela berri eman zuen udal gobernu taldeak. Horietatik 10.000 euro igogailuak instalatzeko dirulaguntza deialdira bideratuko dituzte. Izan ere, 10.000 euro urte hasieran plazaraturiko deialdi horretan inbertitzea aurreikusia zuten. Baina izan den eskaera kopurua ikusita, 10.000 euro gehiago bideratzea erabaki dute. Beste 2.500 euro udalaren auto partekatuaren egitasmorako aurreikusi dituzte. Diru kopuru hau, kreditu globaletik hartu dute. Lehen 34.548,32 euro zituen, 12.500 euroko kreditu aldaketa honen ostean, 22.048,32 euro.
Bestetik, aurtengo hirugarren hiruhileko aurrekontuaren exekuzioaren eta ordainketen epearen berri eman zuen udal kontuhartzaileak. Ordainketen epeari dagokionean, bataz beste 4,92 egunekoa da, izatez 30 eguneko epea duenean Udalak.
Hitzarmena Garbitaniarekin
Garbitania Zero Zabor SL sozietatea ere ahotan hartu dute udal ordezkariek ostegun honetako osoko bilkuran. Sozietatearen jabe dira hiru udal; Astigarragakoa, Hernanikoa eta Usurbilgoa. Garbitaniarekin hitzarmena berritzea erabaki du aho batez udalbatzak. Azken lau urteotan indarrean egon dena ordezkatuko du. Izan ere, 2010ean eratu zen sozietate hau, "beste batzuen artean, Usurbilgo Udalaren bitarteko propio eta zerbitzu tekniko gisa".
Lau urterako onarturiko hitzarmen berriaren helburua, lankidetza esparru hau are gehiago zehaztea izango da. "Garbitania behartuta egongo da bere udal bazkideek eskatzen dizkioten prestazioak egitera". Lau urterako hitzarmena izango da, beste lau urtez luzatu ahalko dena. Lankidetza hitzarmen hau betetzen doala bermatzeko jarraipen batzorde bat eratuko da.
Azaroaren 25ari begirako adierazpena
Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango da azaroaren 25a. Egun horri begirako adierazpena onartu du udalbatzak aho batez, ostegun honetako osoko bilkuran. Besteak beste, konpromiso hauek bere egiten ditu Usurbilgo Udalak, testu horren bidez; "euste-horma kolektiboa aktibatzea"; gazteei, bereziki mutilei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea; "eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea; Hezkuntza Sailarekin lankidetza sustatzea jarrera ukatzaile eta matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko; edota udalerriek sarean lan egitea bultzatzea.
Adierazpen honen harira, udal gobernu taldetik berri eman dutenez, gai honi lotutako erakunde arteko protokoloa lantzen ari dira. Lanketa horretan parte hartzen ari da udal ordezkaritza tekniko eta politikoa, mugimendu feminista... Alor honetan aurrez esperientzia duen Sortzen kooperatiba ari da bideratzen prozesu hau. Datozen asteotan, hezkuntza komunitateak edota udalbatza osatzen duten kideek ere parte hartzeko aukera izango dute bertan. Marko legala, indarkeriaren detekzioa edota erreparazioa izango dituzte hizpide saio hauetan.
Udal aurrekontuak hurrengo saioan
Datorren osoko bilkura, aldaketarik ez bada, hilabete honetako azken ostegunean izango da, azaroaren 28an. Udal gobernu taldearen asmoa da, saio horretan hasieraz onartzea 2025eko udal aurrekontuak. Gogoan izan, egunotan ari da aurkezten udal gobernu taldea landua duten proposamena, herritarren nahiz eragileen ekarpenak biltzen eta tokian tokiko gaiak jorratzen Usurbilgo herri eta auzoetan. Egunotan dagoeneko, Aginagan, Kalezarren, Santuenean eta Munalurran egin dituzte bilkura hauek. Datorren asterako hainbat bilera deitu ditu udal gobernu taldeak:
Azaroak 5, asteartea
18:00 Txokoaldeko bilera Txokoargin. Gaia: Altzonazko zubiaren obra.
18:00 Atxegaldebo bilera Udarregi ikastolako jangelan.
Azaroak 6, asteazkena
18:00 Etxealdiako bilera Potxoenean. Gaiak: igogailua eta irisgarritasun plana.
Azaroak 7, osteguna
18:00 Zubietako bilera Kaxkapen. Gaia: bidegorriaren proiektua.
Azaroak 12, asteartea
18:00 Herri erdiguneko bilera Potxoenean.
Deitzailea: udal gobernu taldea.