Hitzordurik gabeko egun gutxi izango ditu azaroak, web orrialde honetako "Agenda" atalari erreparatzen badiozue. Izan ere, ia egunero izango da ekitaldiren bat edo gehiago, estreinatu berri dugun 2024ko azkenaurreko hilabete honetan.
Azoka batekin ekingo diogu, Aitzaga elkartearen 28. Artisau Azokarekin ostiral honetan. Amaitu ere, beste azoka gozo batekin; iaz, Usurbilgo herri bizitzara itzulitako 23. Erle Egunarekin. Egunaren bezperan hasiko dute, aurtengorako iragarri dituzten ekimenak; antolatzailetako baten parte hartzea erretratatu duen Estibaliz Urresola Solagurenen "20.000 Especies de Abejas" film ezagunaren proiekzioarekin.
Proiekzioen hilabetea ere izango dugu eta azaroa hau. Haurrentzako negu parteko euskarazko zine zikloa abiaraziko dute Udalak eta Ziortzak hilaren 10ean, "Izurde Mutikoa" filmarekin. Euskarazko sorkuntza sustatzeko Udalbiltzak antolaturiko "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan, bigarren edizioan ondutako film laburrak proiektatuko dira "Lau Elementuak" izenburupean. Hilabea agurtzeko, NOAUA! Kultur Elkarteak "Usurbil 58" dokumentala aurkeztuko du; 1958ko Usurbilgo irudiak eta garai hura bizi izan zuten usurbildarren azalpenak bilduko dituen ikus-entzunezkoa.
Zikloak
Ziklo hainbat ere izango ditugu hilabete honetan. Nafartarrak taldeak aste hasieratik Sutegin zabalik duen "Habitat. Giza habitat ezkutatua" erakusketaren ondotik, “Konkistatik asimilaziora. Gure lurrean gu nagusi” jardunaldi eguna iragarri du larunbaterako, azaroaren 2rako.
Ez da hilabete honetarako iragarritako ziklo bakarra izango. Urria amaieran hasitako 2025eko udal aurrekontuen aurkezpen saioekin segiko du hilabete hasiera honetan udal gobernu taldeak; besteak beste, Zubietan, herri erdigunean edota Atxegalden egingo dituzte saio hauek.
Emakumeon Etxetik beste hiru hitzordu iragarri dituzte asteotarako; "zaintzaren pedagogia azaroaren 7rako, greba feminista orokorraren urtemugaz beste solasaldi bat hilaren 28rako eta "Bakarrik Bai da Bai" legeaz beste saio bat bi egun lehenagorako.
Bide beretik segiko du baita Sutegi udal liburutegiak ere. Iban Zaldua idazlearen eta Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketaren saioaren ondotik, astero hitzordu bat izango da bertan, hilabetea amaitu arte. Jon Artanok "Juana" liburua aurkeztuko du azaroaren 5ean kultur-etxeko liburutegian, Miriam Mendozak ipuin-kontaketa saioa eskainiko du hilaren 13an. Yolanda Arrietarekin irakurketa-solasaldi bana programatu dute baita hilaren 19 eta 27rako.
Sagar eta Sagardo Kultura zikloko azken hitzorduak ere azaroa honetan egingo dituzte; "Sagastien bioaniztasuna: sagarrondoek zein bizilagun dituzte?" saioa azaroaren 14an edota "Sagardo Kluba: Bizio sagardogilearekin dastaketa komentatua" hilaren 28an.
Ospakizunak
Jaialdiei ere tartea egingo diete azaroa honek. Hilaren 24ko Erle Egunaren aurretik, azaroaren 9an Txalaparta Festa ospatuko da. Ibiltaria izango da, herriko txoko ezberdinetara hedatuko da eta. Egun berean, Zuberoako ikastolen aldeko festa ospatuko da baita Oilarrak kantu taldearen eskutik; eguerdian kalejira eta haren emanaldia iragarri dute arratsaldean Sutegin.
Usurbildarren sorterrien bilgunea izango da, bestalde, azaroaren 16rako programaturiko Mundualdia jaialdia. Bere baitan, arrazakeria deseraikitzeko Bizipoza jardunaldiak ere egingo dira.
Musikarien egunari ere keinua egingo dio herri honek, Zumarte Musika Eskolakoen eskutik. Santa Zeziliren omenezko kalejira eta kontzertua programatu dituzte hilaren 21erako.
Herri eta auzoetan...
Denetarik eta denontzat izango da, bistan denez, hilabete honetan Usurbilgo herri eta auzoetan. Txoko ezberdinetara hedatuko da hain zuzen, asteotako eskaintza. Txokoaldeko Txokoargi elkarteak, esaterako, arto ogia egiteko ikastaroa eta Asier Kidam magoaren emanaldia programatu ditu. Aginagako Antxomolantxa elkarteak orientazio jokoak, Santuenea Kultur Elkarteak ere familia giroko ibilaldia eta orientazio jolasak igande honetan bertan...
Hitzordu gehiago ere izango dira. Egunez eguneko eskaintzaren berri jaso dezakezue web orrialde honetako "Agenda" atalean. Sarrera behar duten hitzorduetarako txartelak, aldiz, informazio gehiagorekin batera, usurbilkultura.eus plataforman dituzue.