Eguraldi ederrarekin eta jai eguna lagun, Aitzaga elkarteak antolatutako 28. Artisau Azoka egin dute goiz osoan Askatasuna plaza eta frontoian. Bi lekuak postutxoz bete dira eta denetariko produktuekin: poltsak, belarritakoak, mimoz egindako janaria... Goizeko 11tan irekiera egin dutenerako hasi da jendea hurbiltzen herrigunera eta salmenta politak egiteko aukera izan dute artisauek.
Tartean, hiru postu herritarrek bete dituzte. Irati Gabellanes eta Eider Makazagak osatutako bikoteak bitxiak, eskuzorro eta diru zorroak jarri dituzte eskura, Josune Estellak ere eskuzorroak eta oihalez egindako produktuak atera ditu mahai gainera joskintzarako trebezia berezi erakutsiz eta Olatz Zabaleta herritarrak ere eskuz egindako produktuak eraman ditu plazara. Nolaez, Udarregi Ikastolako DBH4ko ikasleek ere gozogintza postua jarri dute ikasturte amaierako bidaia ordaindu ahal izateko dirua ateratzeko, eta herritar ugari talogile lanetan aritu dira hamaiketako bikainak ateraz Askatasuna plazara hurbiltzen den orori.