Goizeko 11tan ireki dute ofizialki 28. Artisau Azoka. Eguzkia zeruan eta tenperatura epelarekin, jendea lehen ordurako hasi da hurbiltzen frontoia eta Askatasuna plaza ingurura. Postu andana eta jendez gainezka, salmentarako aukera ederra izan dute artisauek. Gozo usaina nabari zen Askatasuna plazara sartu orduko Udarregi Ikastolako DBH4ko ikasleen gozoei esker.
Aurreraxeago, herritar talde bat taloak egin eta egin aritu da goiz osoan zehar gelditu ere egin gabe. Txistorra usainarekin nahastu da hasierako gozo usaina. Ibilbideari aurrera eraginda, bitxigintza produktuek arreta eman dute ia bide guztian. Egur usaina ere postu askotan nagusitu da udazken giroan are gehiago murgiltzeko.
Frontoirako bidea hartuta ere, janari usaina eta denetariko materialena nahastu da. Sarrerako ogi eta gazta usain gozoak birikak beteta, herritarren postuekin egin dute topo hurbildutakoek. Bitxiak, hariak eta oihalak. Herritar ugari ezagunen postuetan hizketan eta erosketa amaigabean. Adarra joaz aurreraxeago gizon heldu bat, eta atzetik, trikitixa eta pandero doinuak.
Ibilbidean aurrera, nora begiratu ere jakin ezinda horrenbesteko aukerarekin, eta behin amaierara iritsita, bigarren itzulia noiz egin gogoz jende ugari.