Odola emateko aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 4a, 07:00

Gaur izango da odola emateko aukera.

Usurbilen bi hilean behin lehen astelehenetan izaten da odola emateko aukera. Datorren saioa, gaur bertan, azaroaren 4an izango da, arratsaldez, 16:30-20:10 artean Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan. Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.

Honatx odola emateko bete beharreko baldintzak:
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.


Plasma emateko erraztasun gehiago
Odolarekin batera, plasma emateko aukera ere badago eta bada berrikuntzarik kasu honetan. Izan ere estreinatu berri dugun hilabete honetatik aurrera, "aferesi-, plasma- edo plaketa-emaileek hitzordua Internet bidez eskatu ahal izango dute", berri eman dute Euskadiko Odol Emaileek, donantesdesangre.eus webguneko emailearen eremu pribatuan edota "DonantesEuskadi" aplikazioaren bidez; "horretarako, app-aren 3.6.6. bertsioa, edo goragokorik, izan beharko dute. Tresna berri horiei esker, aferesi-emaileek jada ez dute deitu beharko hitzordua eskatzeko".

Neurrion bidez, plasma-emateen eta emaileen kopurua handitzea sustatu nahi dute. Horregatik ari dira parte hartzen, "Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan Plasma Emateko SUPPLY Europako Proiektuan". Elkartearen esanetan, "Euskadin urtean 30.000 plasma-emate behar baitira. Horrek esan nahi du 10.000 emaile inguru behar direla. 2022an, 5.097 plasma-donazio lortu genuen, eta 2023an, 7.000 donazio".

Aipatu elkartetik gogorarazi dutenez, odola ematearekin alderatuta, plasma emateak abantaila bat du; hilero eman daiteke, urtean hamabi aldiz. "Izan ere, plasma azkar berreskuratzen da. Odola, berriz, gizonek urtean 4 aldiz eman dezakete gehienez ere, eta emakumeek 3 aldiz. Plasma-emaile izateko, odol-emaile izateko behar diren baldintza berberak bete behar dira". Usurbildik gertuen Donostian eman daiteke plasma.

Informazio gehiago bideotatik jaso dezakezue:
900 303 404
donantesdesangre.euskadi@osakidetza.eus
donantesdesangre.eus



Xehetasunak
Euskadiko Odol Emaileen Elkartetik gogorarazi dutenez, "odol-ematea ez bezala, plasma-donazioa pixka bat luzeagoa da, 45 minutu inguru irauten du, eta ekipo berezi bat behar da prozesu hori egiteko; horregatik, beti da beharrezkoa aldez aurretik ordua eskatzea".

"Odolaren bolumen osoaren %55 da" eta bertan "odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, zuriak eta plaketak", azaldu dute Euskadiko Odol Emaileak bilgunetik. Herritarrengandik jasotako plasmarekin, "botikak lortzea da" garrantzitsuena; "kasu hauetan ez dago alternatibarik, lehengai hau, hau da, odol-emaileetatik lortutako plasma ezinbestekoa baita".

Plasma emateari "plasmaferesia" deitzen diote. "Odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio". Plasma emateko saioak "40-50 minutu iraungo du. Plasma gehienbat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake". Hilero hain zuzen, urtean hamabi aldiz. Hori bai, "plasma emanez gero, gutxienez, 15 egun itxaron behar duzu berriro odola eman ahal izateko. Baina, odola eman baduzu, hilabete bat itxaron beharko duzu".

Plasma eman nahi dutenek donantesdesangre.eus atarian eskatu ahalko dute txanda aldez aurretik. Euskadin urtean 30.000 plasma-emate behar direla jakinarazi dute odol emaileen elkartetik. Atari berean jaso daiteke informazio gehiago.