Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, hiru ekimen aurkeztu zituzten Udalak eta herri eragile hainbatek ekainean; martxan den "Usurbilen, goazen kalera" dinamikarekin batera, jai zaintzaileen eta merkatari zaintzaileen egitasmoak.
Azken honi, herri merkataritza zaintzaileagoa izateari dagokionean, sustatzaileek esan zutenez, "ekimenaren helburua da, herritarren arteko zaintza eta erlazio sareak indartzea eta bultzatzea. Horren baitan ere pertsona zaurgarrien detekzioa eta artatzeko gizarte zerbitzuek komunikazio kanal bat zabaltzea, prebentzioari begira", azaldu zuten.
Sorospen ikastaroa
Usurbilgo herri merkataritza zaintzaileagoa izateko bidean, bi ekimen antolatu dituzte estreinatu dugun azaroko aste honetarako. Batetik, sorospen ikastaroa antolatu dute herriko merkatarientzat. Izan ere, "merkatari zaintzaileen sarea martxan jarri zenean, herriko dendariek adierazi zuten baliagarria izango litzaiekeela sorospen ikastaro bat jasotzea". Horri erantzuteko antolatu dituzte bi trebakuntza saio.
Antolatzaileen arabera, "larrialdiei aurre egiteko ikasketa teoriko-praktikoa jasoko dute, baita bihotz-birika suspertzea egiteko oinarrizko jakintza ere. Azaroaren 5ean eta 7an izango da ikastaroa, merkatariei egokitutako ordutegian (13:30etik 15:30era), Potxoenean. Parte hartu nahi dutenek udalera deituta edo mirisarri@usurbil.eus -era idatzita eman dezakete izena".
Gozogintza kanpaina
Horrez gain, gozogintzari lotutako kanpaina abiaraziko dute, "Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu! " aldarripean. Hilean behin, Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestatutako gozoak eskainiko dituzte herriko saltokietan, hilero egun batez, bi dendetan. Estreinakoz, ostiralean, azaroaren 8an egingo dute eskaintza hau NI eta Ane ile-apaindegietan, goizeko 11:00etatik aurrera.
"Udal-brigadak eramango ditu gozoak establezimenduetara. Maiatzera bitartean, bina establezimendutan eskainiko dira gozoak", iragarri dute.
Modu horretan, garai batean jubilatu elkarteei zuzenduta egindako ekimen hauxe da berreskuratzera doazena. "Gozoak non izango diren jakiteko euskarriak jarriko dira txanda bakoitzean", aurreikusi dute sustatzaileek.
Jakiok nola prestatu irakasteko, gainera, sukaldaritza tailer bat egin asmo dute Egurtzegin Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek eta haiekin, eguneko zentroko nahiz zaintzadun etxebizitzetako bizilagunek. Bederatzi lagunen parte hartzea espero da.