Euskal Telebista estreinatzear da "Go!azen" telesail arrakastatsuaren hamaikagarren denboraldia. Azaroaren 22tik aurrera ikusi ahalko dira atal berriak ETB1 katean nahiz eitb.eus atarian. Segidan, Makusi eta Nahieran plataformetan ere bai. Lehenago, ordea, "Altxor Ezkutua" izeneko atalaren aurrestreinaldiaz gozatzeko aukera izango da azaroaren 15ean Makusi plataforman baita gune gehiagotan ere; tartean, Sutegin!
Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez, bitan proiektatuko dute lehen atal hori azaroaren 15ean, 18:00etan eta 19:30ean, kultur-etxeko auditorioan. Usurbilgo Udalaren, UEMA-ren eta EITB-ren eskutik programaturiko emanaldiotarako gonbidapenak hilaren 8tik aurrera eskuratu ahalko dira, usurbilkultura.eus plataforman.
"Nobedadez beteta"
Euskal Irrati Telebistatik aurreratu dutenez, hilaren 22ko lehen atal hori eskaini aurretik, horren "bideoak ere Makusin ikusi ahalko dira, primizian, eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) eduki berezi eta esklusiboak landuko dira, telesaila hasi aurretik (#goazenoroitzen traola erabilita) eta denboraldi osoan zehar".
"Go!azen" telesailaren hamaikagarren denboraldia, "nobedadez beteta" dator. "Aurtengoan ere Basakabiko gaztetxoen abenturez gozatzeko aukera izango da, betiko osagaiak nahastuta: lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak, umorea… eta, jakina, musika eta dantza ez dira faltako. Ez ahaztu, eginagatik distira, denak urre ez dira!", berri eman dute EITB-tik.
Hamargarren denboraldiko pertsonaiak eta kide berriak bilduko dira Basakabin. Iazkoen artean dira, "Garazi (Nerea Elizalde), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta), Luken (Ander Lacalle), Aner (Xabier Elizalde), Bosko (Ander Ayerza) eta Maitane (Nerea Arriola)"; pertsonaia berrien artean, aldiz, "Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar)".