"Hartzea ematea DA!" aldarripean, 59. Durangoko Azoka irekitzeko hilabete falta den honetan, Ahotsenea Musikan parte hartuko duten taldeen zerrenda argitara eman dute antolatzaileek. Disko aurkezpenetan izango direnen artean izango da Ameba Usurbilgo taldea. "108 talde edo bakarlarik eman dute lan berria zuzenean aurkeztu ahal izateko izena. Horren ostean, antolatzaileek hautaketa egin behar izan dute, eta azkenik 34 taldek edukiko dute lekua", Durangoko Azokako antolatzaileen esanetan.
Ahotsenea Musika eremuaren bidez, "musikazaleek aurtengo proposamen berriak ezagutzeko aukera aparta izango dute, kantuak entzutean eurek ere abestuz eta kulturaren parte sentituz. Durangoko Azokaren aurtengo edizioaren lemak dioen bezala, hartzea ematea delako".
Sortzaileen zerrenda
Aurtengo edizioan, "musikari gazteen eta ibilbide luzekoen arteko oreka islatuko du egitarauak" baita musika aniztasuna ere eta Euskal Herriko lurralde arteko oreka. "Nabarmentzekoa da Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko musikarien partaidetza haziko dela". Horrekin batera, azpimarratu dutenez, "emakume musikarien presentzia handitu egingo dela aurreko edizioekin alderatuta, taldeen erdietan emakumeren bat gutxienez egongo delarik. Hala ere, emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna indartu arren, oraindik musikarien artean gizonak dira gehiengoa".
Amebarekin batera sortzaileon musikaz gozatzeko aukera izango da Ahotsenean: "Aho zakil konexion, Ainke, Albina Stardust, Birkit, Durundi, Ekhi Lambert eta Haize Carricaburu, Eneritz Furyak, Ezpalak, Kai Nakai, Kaskezur, Keia, Kokein, Kuartz, Mikel Artieda eta Leire Berasaluze, Maskak, Mice eta Moxal, Mikel Urdangarin, Miriam Lujua, Nize, Neu Troia, Odei Barroso eta Benizze, Orhi, Mirari, Hok Ttuk Hamalau, Postal Kolekzionistak, Saji, Toc, Tu-K, Txopet, Ur, Xabaltx, Xabier Badiola, Xsakara eta Zinkha".
Bigarren lana
Malen Azpiazu (ahotsa), Aritz Zabaleta (gitarra), Jon Mikel Azpiazu (baxua) eta Enara Eizagirre (bateria) laukoteak osatzen du Ameba. Aurten plazaratu duten "Munduari" izeneko zortzi abestiko bigarren diska aurkezteko baliatuko dute Durangoko Azoka, Usurbilen egin zuten moduan, ekaina amaierako herriko jaietan.