Bistan denez, Usurbilek sortzaileen herria izaten segitzen du. Izan ere, musika talde berri bat du; Izan Bai. Besteak beste, Ixak Arruti eta Martin Larrañaga kide dituen laukoteak lehen abestia kaleratu du; "Barne Borroka" izenekoa. Abestiarekin ikus-entzunezkoa ere plazaratu dute. Youtuben ireki duten "Izan Bai" kanalean eskegi dute. Albiste honi atxikia duzue.
Talde berri honetatik adierazi dutenez, "Ozen Estudioan grabatua, nahastua eta masterizatua" izan da kanta hau Jurgi Taboadarekin. Bideoklipean taldeko kideak abesten ikusi eta entzuteaz gain, tren geltoki ondoko irudietan ageri dira.
Abestiaren letra eta musika, Ixak Arruti Aranburu usurbildarrarena da. Bera da talde kideetako bat, gitarra-jotzaileetako bat, Ibon Aginaga Imatzekin batera. Arruti da, gainera, taldeko abeslaria. Urtzi Olaziregi Zabaletak (baxua) eta Martin Larrañaga Amutxastegik (bateria) osatzen dute taldea. Bideokliparen lanketaren ardura, Oihana Rodriguez Ordoñezena izan da.