"Aurretik harrapatutako guztia eraman zuen urak", hala zioen 2011ko azaroaren 11n argitaraturiko NOAUA! aldizkariaren artikuluaren izenburuak. Egun gutxi batzuk lehenago, hilaren 6an, gaur duela hamahiru urte, uholde handiak izan genituen. Igandea zen, asteburu osoa zeraman gogotik euritan. Azaroko lehen igande hartan, "orduek aurrera egin ahala, egoerak okerrera egin zuen, nabarmen gainera, bazkalosteko itsasgorarekin batera". Une horretatik aurrera, nabarmen egin zuen okerrera egoerak. "Arratsalde eta iluntze partean,
irudi ikusgarriak utzi zizkiguten euriteek. Ingemar eta Atallu inguruak urpean ziren eta, ondorioz, Kaxkotik Santuenerako bidea moztuta geratu zen eta astelehen goizean ireki zuten udal langileek. Kalte materialak handiak izan ziren erribera ondoko txabola, baratze eta baserri askotan".
Orduko kronikak azaldu zuenez, "Bizkarre baserriko hainbat idi eraman zituen urak. Bat Santuenean agertu zen, bestea Zubietan atera behar izan zuten, Aialde Berri sagardotegitik hain zuzen. Eta hirugarren bat Txokoalde partean atera zen, bere kabuz. Aginagarako bidea hartu zuen eta Ertzaintza atzetik, gauza handirik egin ezinik. Baina beste idi batzuk urak irentsi zituen".
Horrez gain, "Iberdrolak Zubietan duen azpiestazioa kaltetu zuen". Ondorioz, "argia joan egin
zen hainbat tokitan eta biharamunean ere, argirik gabe zeuden hainbat zonalde. Kaxkoan, esate baterako, joan eta etorri, etorri eta joan ibili zen argia. Astelehenean, iluntzean hasi zen egoera normaltzen".
Hedabide honetan ere eragina izan zuen argi etenaldiak. Izan ere, web orria Andoaingo enpresa batean zegoen ostataturik. "Igandetik astelehen goizera argindarrik gabe izan ziren eta, ondorioz, gure posta helbideak eta noaua.com web orria etenda egon ziren".
Herritarren ahotan
"Euriarekin ametsetan!", "Euriz blai!", "Ura han eta hemen"... izenburu horiexek hautatu zituzten NOAUA! astekariaren orduko "Kalejiran" atalerako auzoetako kronistek 2011ko azaroaren 11ko alean. Egun batzuk lehenago, azaroaren 6an izandako uholdeei buruz ari ziren. "Kalteak eta kalteak ekarri ditu, eta denok duela urte batzuk pasatakoa, berriro bizitu genuen igandean", berri eman ziguten Santueneatik.
Iñaki Larrañagak gaineratu zuenez, "igande eguerdian semea eta alabarekin Santueneako zubira joan ginen, aterkiak autoan utzi eta euripean ibaia ikusten egon ginen, ikusgarria da, zer indarra hartzen duen urak. Beldurra ere sentitu nuen, oraindik marea gora iristeko hiru bat ordu falta baitziren. Eta orduak pasa ahala, ura gora eta gora, gainera oso denbora laburrean asko igo zen, eta gure auzoko ibai ondoko etxeak urez inguraturik geratu ziren, noski baratzak, baita oiloak, untxiak, baita idiak ere eraman zituen ibaiak. Jakingo duzuenez, sagardotegia erabat ur azpian parte handi bat, desastrea!".
Azpiegituretan eginiko kaltea nabarmendu zuen. "Zubietako bidea itxita, baina Ingemarreko errepidea ere, eta Txokoaldetik kontu askorekin pasatzea ba omen zegoen, eta autoaren arabera noski". Uraren maila jaitsi ostean, "orain kalteak zein diren ikusi behar, kalte ekonomikoak, kalte emozionalak... Dena garbitu behar, ze aprobetxatu, zer bota, seguruari deitu... Egun batzuetarako lana badago, bai. Kaltetu guztiei animo asko eman. Gauza hauek tarteka tarteka gertatzen dira, baina gertatzen direnean...".
Kaleberritik Maddi Zalduak gaineratu bezala, "igandean, 11:00ak aldera deitu ninduen amak. Lo harrapatu ninduen baina berehala esnatu nintzen esaten ari zitzaidana entzun eta gero. Ibai eta errekak gainezka egiteko zorian zeudela esan eta orduan larritu nintzen. Euriak ez zuen treguarik ematen. Bota eta bota jarraitzen zuen eta nik, geroz eta larrituago ikusten nituen ingurukoak".
Izan ere, "badauzkat ibai eta erreka ondoan bizi diren gertukoak, eta haien larritasuna neurea ere bazen momentu haietan. Baina konturatu ginenerako, ezin egin ezer", gaineratu zuen. Hain zuzen, "denbora laburrean, ibai eta errekak atera baitziren euren bideetatik. Sekulako ur jarioak estali zituen inguruko baratz, zelai eta soroak; aldendu zituen baserrietatik ganadu-buru bat baino gehiago eta zer esanik ez, argirik gabe inkomunikaturik, euren etxeetatik atera ezinik utzi zituen hainbat bizilagun. Harriturik nago oraindik! Bustialdi latza jasan du Usurbilek astebukaera honetan. Urte luzeetan, horrelakorik gertatu ez, eta ea neguak ez digun berriro horrelakorik ekartzen".
Usurbilgo auzo eta herrietako hizpide nagusi izan zen gaia une hartan. "Beldurgarria benetan igande arratsalde eta iluntze partean herriko hainbat lekutan bizi zen egoera", berri eman zion hedabide honi Atxegaldetik Ainara Arnaizek.
"Atxegaldetik Osinalde eta Zumartegi industriaguneak gertu ditugu. Oria ibaiak gainezka egin, eta urak zenbait lantegi harrapatu zituen. Zer esanik ez, erriberak. Auzotik pasatzen den N-634 errepidetik Aginagarako bidean joan besterik ez zegoen ibai ertzak zer egoretan zeuden ikusteko. Guztia urpean zegoen, ikaragarria. Eta errepidean oso adi gidatu beharra zegoen, mendi aldetik jaisten zen ura tarteko. Bestelako ondorioen artean, udalerriko gainerako lekuetan bezala, ordu batzuez argirik gabe geratu ginen".
Kalte materialak izan zirela bai, baina Arnaizek nabarmendu moduan, "uholdeok zorionez kalte pertsonalik ez dute eragin. Tarte honetatik, euriteok kaltetu zaituzten guztioi
animo eta eutsi goiari!", adierazi zien.
Zubietan ere oso larri ibili zirela berri eman zuen Denis Elortzak, "asteburuko eurite historikoak eragindako uholde eta triskantzekin: batzuen etxea uharte; besteen baratzak ibaiaren
atsedenleku; etxe berrietako batek estalitako errekastoko urak ate-joka, irteera bila; zenbait kotxe ederki beratuta... Kaltetu guztioi, animo!", adierazi zien.
Auzolanean
Erriberak garbitzeko auzolan deialdia egin zen gerora. "Zubietan, 25 lagun aritu ziren lanean.
Atallun, 40 lagun inguru. Txokoalden ere koadrila majo bat osatu zen", 2011ko azaroaren 18ko NOAUA!ren arabera.
Auzolan deialdiari herriak emandako erantzun ona eskertu zieten Udaletik eta, "Udaltzaingoa, Brigada eta Pikaola garbiguneko langileei bereziki, erabat lotu baitziren lanari behar izan zenean, euriteek sortu zituen une kritikoenetan eta hurrengo egunetan ere, nekeak gaindituz, gogoz lana egin zutelako. Tajuzkoa da errekonozimendu hau egitea Udalaren aldetik", adierazi zuen orduko alkate Mertxe Aizpuruak. Eta kaltetuei “udal honen elkartasuna eta laguntza osoa eskaini nahi diegu. Horretarako laguntzak lortzeko saiakera egiten ari diren erakundeekin etengabeko kontaktuan gaude eta informazio berriak jaso ahala, Usurbilen galerak pairatu dituztenei jakinaraziko zaie". Kaltetuentzako arreta bulegoa ireki zuen Usurbilgo Udalak.
Lekukotzak
Kaltetu zenbaitekin bildu zen hedabide hau egun haietan; batetik, Santueneko Aialde Berri sagardotegikoekin. "Goizaldeko zazpietan, ura nahiko goian zegoela abisatu ziguten. Etorri ginenerako ura barruan zegoen. Hortik hasita gero urak behera egin zuen eta “horretan geratzen bada hor nonbait”, genion. Handik ordubetera, ordea, ura berriro gora hasi zen. Gauzak nola edo hala atera genituen baina azkenean atera ezin diren gauza asko geratzen dira eta horrek galera handiak sortu dizkigu", berri eman zigun Joxan Lazkanok.
Uholdeon ondotik zioenez, "lohia kentzen egunetako lana dugu. Sukaldeko elektrotresnak urak
denak gainetik pasa ditu, hankaz gora dugu". Laburbilduz, zioenez, "gure azken 10-15 urteetako ibilbidearen historia txiki hori ez dut esango erabat, baina asko galdu egingo da. Berriro hastea bezala izango da".
Gertatutakotik zer hobetu edo ikasi beharko genukeen galdetuta, honakoa zioen. "Larrialdietakoek, aurreikuspen eta komunikazio falta izan zutela uste dut". Gainerakoan, "errio bazterrean egotera ohituta gaude, errespetua diogu errioari, beldurra gutxiago" zioen. Baina Orian zer hobetua bazela zioen. "Presak mugikorra behar luke, lohia eramateko. Tren zubiak begi gehiago eta handiagoak behar lituzke agian, ur gehiago pasatzeko. Ibaian dauden zuhaitzak ere paretak dira urarentzat". Gaineratu zuenez, "errioa ahalik eta garbien egotea interesatzen zaigu".
Errioa kanalizatu beharra zegoela irizten zion Aginagako Mapil ingurutik Patxi Maiozek. "Lasarte salbatu egin da oraingoan. Zergatik? Txukun jarri zutelako, behar den bezala, urari pasoa eman diote. Presak enbarazu egiten du neure ustez. Irlak ere zer egiten du? Hori gabe, urak askoz beherako izango lirateke", zioen.
Mapil inguruan ere kalterik izan zuten. Patxi Maiozek NOAUA!ri adierazi zionez, "40 zm izan genuen etxean. Terreno guztiak uretan, baina hutsak zeuden eta kalterik ez. Lana ugari utzi
du. Oraindik hor ari gara garbiketa lanetan. Trasteak oraindik bakoitzak bere lekuan jarri behar".
Ez zen kalteturiko bizileku bakarra izan inguruan. "Inguruotan bi etxe harrapatu ditu. Batean oheak ere gora altxa zituen", berri eman zuen Maiozek.
Oroimen lana ere egin zigun. "Hiru uholde handi bizi izan ditut, oraingoak, 83 eta 53koak. Esaten ari nintzen, 2013an egokitzen zela berriz. Baina oraingoan bi urte aurreratuta etorri da".
Uholdeok ziklikoak direla argi adierazi zigun Patxi Maiozek Aginagatik. "Aurrera begira uhalak
berriz etorriko direla, ez egin dudarik".