Euskaraldia

Hauxe izango da Euskaraldiaren enbaxadore taldea

Erredakzioa 2024ko aza. 7a, 12:07

Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren herritarrekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.

Estreinakoz udaberian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldira begirako prestaketetan urrats berri bat eman dute gaur sustatzaileek. Bilbon eginiko agerraldi bidez, ekimen horren enbaxadore taldea aurkeztu dute; hamaikakoa hain zuzen. "Inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez, parte hartzen duten aurpegi ezagunez osatutako talde anitza osatu dute", sustatzaileek berri eman dutenez. Honako hauek osatu dute hamaikako ezaguna: Eneko Atxa Azurmendik (sukaldaria), Oihana Azkorbebeitia Urizarrek (mendi lasterkaria), Aitor Bengoetxea Zabalzak (musikaria), Lutxo Egia del Riok (idazlea), Eneko Garcia Jaurena-Albina Stardustek (trabestia), Ana Goitia Erkiaga (kazetaria, aurkezlea eta umoregilea), Itziar Ituño Martinezek (aktorea), Roberto Moso Gilek (komunikatzailea), Zibel Untsain Damestoik (dantzaria), Esti Urresola Solagurenek (zinemagilea) eta Mikel Urrutikoetxea Azkuetak (pilotaria).

Hamaikakoaren zeregina ere zehaztu dute. "Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, Euskaraldiak behar eta sortzen duen mugimenduan eragile izango dira hamaikakoa osatzen duten kideak". Horrez gain, "euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak".

Herri batzordearen osaera
Hurrengo pausoa laster emango du Usurbilek, beste hainbat udalerriren antzera. Izan ere, herri batzordea osatzeko lehen deialdia egin dute jada, azaroaren 19an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Elkar mugituz egingo dugu!!!! Inguruan norbait gogoz eta motibatuta ezagutzen baduzu, gonbidatu pertsonalki batzordeko bileretara!!", egin dute gonbita.

Erronkak
Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko urrats berriak proposatzea; mugimendua indartzeko eta batzordeak elikatzeko urratsak ematea; eta, hirugarrenik, Euskaraldiaren inguruko giro soziala sustatzea.

Hiru erronka hauen bueltan aurkeztu zuten berriki 4. Euskaraldia. Irudi eta lelo berria estreinatu dute; "Elkar mugituz egingo dugu". Laugarren edizioa, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" izatea nahi dute.Gogoan izan, aurreko hiru edizioak azaroa eta abendua artean egin izan dira, Euskararen Egunaren bueltan. Oraingo hau, estreinakoz, udaberri partean egingo da, maiatzaren 15etik 25era. Izan ere, sustatzaileen esanetan, "gizarte bizitza gehiago dagoen garaian esku hartu nahi du ekimenak, baldintza sozial egokiagoak dauden garaian hain zuzen, harreman sozialetan ahalik eta astinaldi handiena eragiteko, beti ere hizkuntzaren begiratutik". Antolatzaile askok aipaturikoa egikaritzea erabaki dute, beraz, "ariketa soziala udazken betean beharrean, udaberrian antolatzea".

"Zabaldu nahi dugu dinamika"
Egutegiari lotutako beste alderdi bat antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutena. "Hamaika egunen bueltakoa izatea hobetsi da, bi asteburu hartuz, uste baitugu egun gutxiagotan ariketa modu sakonagoan egiteko aukera emango diela belarriprest eta ahobiziei, indarrak egun horietan bilduta". Halere, gogorarazi dutenez, "ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik". Horregatik, diotenez, "zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu".

Sakonago jota, ariketa sozial hau birdefinitzea erabaki dute. Euskaraldia, beraz, aurrerantzean, "euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua" izango da. Hiru egiteko nagusi izango ditu: hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak eman eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea; euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea; eta, "tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta lankidetzan aritzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta euskal hiztunak martxan jar ditzaten".

Eragin nabaria
Aldaketa hauek 320.000 herritar baino gehiagoren parte hartzea erakarri duten aurreko edizioetako balantzeetatik jasotakoak dira. Gogoeta prozesu horietatik hainbat gako nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Esaterako, Euskaraldiak euskararen erabileraren handitzean eragiten duela, "lehen hitza euskaraz egitea eta elkarrizketa elebidunei eustean, adibidez" eta "ariketa praktiko erreala" dela.

Ondorioztatu ahal izan dute baita, hizkuntza-komunitate osoa batzen duela, erabilera-mota batzuk hedatu eta legitimatu, nazioartean interesa sortu, erdaldunengana heldu, euskaraz informatu eta hausnartzea sustatzearekin batera. Baina era berean, Euskaraldiaren eragin-esparrua mugatua dela diote.

Datorren ediziora begira, "ariketa ahalik eta ondoen prestatzea komeni da", ohartarazi dute eta gako garrantzitsua izaten segiko du txapen erabilera masiboak. Euskaraldi horri begira, gobernantza eredu partekatuan sakontzen segi asmo dute.

Hona hemen datorren 4. Euskaraldiari buruzko xehetasunen berri:


4. Euskaraldia
Noiz: 2025eko maiatzaren 15etik 25era.
Leloa: "Elkar mugituz egingo dugu".
Parte hartzeko moduak:
-Ahobizi: "Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean".
-Belarriprest: "Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horitxe eskatzen diet modu esplizituan".
-Entitateak: "ariketa modu erosoan egin ahal izatea eta euskararen erabilera handitzea izango da helburua; eta, horretarako, entitateei neurriak hartzea proposatuko zaie".

Deialdiak:
Urria
Herrien eta entitateen izen ematea zabalik euskaraldia.eus atarian.

Azaroak 7
Euskaraldiaren enbaxadoreak izan eta haren mezua hedatuko duten Euskal Herriko Hamaikakoa aurkeztu dute.

Azaroak 30
Gozaldia: hala nahi duten herri guztiek antolatu ahalko dutena, "batzordea martxan jartzeko, herriko eragileekin harremantzeko, herriko hamaikakoa aurkezteko... Inguruko eragileen parte hartzearekin ekintzen egitaraua osatzea da herriei proposatuko zaiena".

Abenduan zehar
Abestiaren aurkezpena

Urtarrila
Unitate didaktikoaren zabalkundea.

Martxoa
Belarriprestek eta ahobiziek izena emateko irekiera ekitaldia.

Maiatzak 15-25
4. Euskaraldia.