Ohi baino geroago dator aurtengo Txalaparta Festa. Zergatik?
Jurgi Fuentes: Maiatzean Jexux Artzeren heriotzaren urteurrena izaten delako hasi ginen antolatzen, baina ikusi genuen Hernaniko Txalaparta Festa egiten dela sasoi horretan; aurreko astean Iruñeakoa ere bai. Euskal Herri mailako ikuspegitik, hilabete berean hiru txalaparta festa egiteak ez zeukala zentzurik ikusten genuen. Horregatik, planteamendua aldatu genuen; batetik, aipatu maiatzeko data guretzako garrantzitsua izaten segitzen duenez, Olatz eta Iñaki Salvadorren emanaldia antolatu genuen. Probatzearren, Txalaparta Festa udazkenera aldatzea erabaki genuen.
Kulturgunetik ekitaldiak urtean zehar sakabanatzeko eginiko apustuarekin ere zerikusia badu zuen erabakiak?
Saiakera hor dago. Kontzienteki egindako aldaketa bat da hau.
Horri lotuta, festa Usurbilgo herri eta auzoetara hedatzea hobetsi duzue aurten.
Kulturgunea aipatu duzu eta Kulturguneak lau oinarri izaten ditu; sormena, komunikazioa, plazak eta transmisioa. Plazen arloan dago, eremu berriak sortzea. Eguna berritzailea egin nahi genuen eta alde horretatik, herri erdigunetik ateratzeko eta mugitzeko saiakera egingo dugu bai.
Lotuko dituzue herri erdigunea, Aginaga eta Txokoalde.
Bai, hasiera batean Zumeta Arte Estudiora joatea zen asmoa, baina ezin izan da. Herri erdigunean hasi eta amaituko dugu eguna.
Zirkuitu modukoa izango da.
Bakoitzak mugitu beharko du ahal duen moduan. Txokoaldetik Aginagara ibilbidea albokariekin kalejiran egiteko asmoa dago, errioari eta erriberari ere bere garrantzia emanez. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin batera antolatu da. Usurbil desberdinak Txalapartaren Festaren barnean hartzeko aukera ikusi genuen. Horren baitan izango da erriberako ibilbidea eta bazkaria sagardotegi batean.
Artzetarrei keinu eginez hasiko duzue eguna.
Hau Kulturguneko transmisioaren arloan kokatua dago. Artzetarrek musika egiten zuten ezkilak joaz. Gure buruan beti egon da ohitura hori berreskuratzeko ideia. Iaz, Udalak elizako ondarea ezagutzeko bisitak egiteko hitzarmena egin behar zuela jakitean, aukera baliatu nahi genuen ezkilak jotzeko ekitaldi hau egiteko. Dema plazan egingo dugu bilgunea. Ondo ateratzen bada, aurrera begira ere urtean zehar aukera izan dezakegu beste egun berezi batzuetan jotzeko.
Transmisioari lotutako Txalaparta Eskola martxan duzue. Zer nolako mugimendua dabil bertan?
Hamabost bat ikasle daude ikasturte honetan. Jende berria animatzen ari da eta itxura ona du. Orain lortu behar duguna da gelan ikasten duguna kalera ateratzea, plazan aukerak sortzea ikasleei eta giroa sortzea txalapartaren inguruan. Horri lotuta, aurreko urteetan egin dugu ikastolakoekin emanalditxo bat eta aurten ere egiteko asmoa dago, txalaparta zer den, nola jotzen den eta instrumentua bera erakusteko ikasleei.
Txalaparta eskolatik, horma artetik plazara ateratzea da helburua.
Hasieratik izan da helburua. Gainera, txalaparta moduko instrumentu batek ez du zentzurik plazarik gabe. Gela batean ikasten dena bertan geratzen da. Biren artean jotzen da normalean, etxean ere ez dago jotzerik, hori ere zailtasun bat izaten da. Horregatik, egokiena kalean jotzea izaten da.
Txalapartaren inguruko eragileak batu nahi dituzue festa egun honetan; Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita tartean.
Oreka TX mundu mailan erreferentea dena, luxu bat da guretzat. Hasieratik egon dira Txalaparta Festaren antolakuntzan murgilduak. Pasa dira bi edizio eta hirugarrenean pentsatu genuen beraiek egotea egokia zela. Txokoaldeko tokia erakutsiko dute. Adarrak egiteko tailerra ere badago eta haiek probatzeko aukera ere egongo da.
Berritzailea izatea nahi duzue egun hau. Formatu berriei lekua egingo diezue.
Sagardotegiko bazkarian gure ideia da txalaparta jarrita egotea. Edonork jotzeko aukera izango du. Bazkalostean, txalapartarekin lotutako zerbait egin nahi genuen. Madrilgo txalapartari batzuk ekartzea bururatu zitzaigun.
Nolatan egin duzue harremana haiekin?
Antza, ezagunak dira txalapartaren munduan. Txalapartaz gain, beste instrumentu batzuk jotzen dituzte musikarekin batera. Badirudi sasoi batean Euskal Herritik joandako batekin ikasi zutela zerbait eta beraiek garatu dute haien ibilbidea.
Eguna amaitzeko, Fanfarrikant.
Sortzaileekin eta musikariekin batzeko modu politena Fanfarrikant zela pentsatu genuen. Kalejira izango denez, saiatuko gara haiekin batera txalaparta jotzen kanta batzuetan.
Malen, zuk sortu duzu festa honen kartela. Xehetasunok irudi bilakatzeko lana nondik hasi zenuen?
Malen Aierbe Zubeldia: Aurrena, antolatzaileei eginiko galdetegi baten bidez jaso nahi izan nuen aurtengo Txalaparta Festaren oinarriaren berri. Berritzailea izatea nahi zutela eta irudiarekin ere hori transmititu nahi zutela adierazi zidaten. Aurtengo festa ibiltaria izango denez, garrantzitsua iruditu zitzaidan irudia berritzailea izatea baita koloreen aldetik ere. Ibilbidea irudikatu nahi nuen, jendeak kartela ikusten duen lehen begiradan konturatu dadin, aurtengoak hiru kokapen desberdin izango dituela; Usurbilgo erdigunea, Aginaga eta Txokoalde. Hori oinarri hartuta, ideia desberdinak islatzen hasi nintzen eta hau da atera dena. Nire helburua zen dinamismo eta transmisio hori erakustea eta horregatik uhin horien sinbologia. Olatuen uhin horien bidez helarazi nahi izan da musikaren beraren doinua eta ibilbidearen dinamismoa.
Xumetik jaialdiko iazko kartelak erraztu dizu honen sorkuntza lana?
Haren ostean, Usurbilen proiektu desberdinak atera zaizkit. Gehienek oinarri gisa hartzen dute kartel hura eta egia esan, bada presio puntu bat. Baina iruditzen zait egun bakoitzak bere irudia izan behar duela eta bakoitzak eskatzen dituen ezaugarrietara egokitzen saiatzen naiz. Kasu honetan, proposatu nien sareetarako bideo labur bat sortzea, txalapartaren eta egunaren beraren dinamismo hori irudikatzeko.
Lan hauetan non ikusi daiteke Malenen marka?
Orain ari naiz nire lanak ikusgai jarri eta jendeak kontaktu gisa izan dezan webgunea osatzen, baina egia esan, lan dezente atera zaizkit. Laster martxan jartzea espero dut. Instagramen ere saiatzen naiz argitaratzen egindako proiektuak jendeak ikusi dezan nire estiloa eta zer den egiten dudana.
Herriaren erakusleiho lana ere egiten zabiltza. Gertuagon ere bazabiltza sare sozialekin.
Irailetik nabil Gertuagoren sare sozialak eta webgunea kudeatzen, herri merkataritzaren sustapenean. Hauen bidez erakutsi nahi dugu herri txikietan ere badaudela behar ditugun produktu eta zerbitzuak.