Usurbilgo Udalaren webgunea itxuraz berritu eta zenbait hobekuntza txertatu dituzte bertan: “webgunearen azala antolatzeko modua eta goiko barra edo menua”, Udaletik berri eman dutenez. Informazioa errazago aurkitzeko berritu dute aipatu menua eta bertan dauden fitxetan, “topa daitekeen informazioa lehen baino xeheago erakusten da orain”.
Beste berrikuntza bat; “azala bi zutabetan antolatuta zegoen lehen, eta orain horizontalagoa da, informazio motaren araberako eremuak sortuta”. Azkeneko hiru albisteak ikus daitezke bertan, gainerakoak irakurtzeko esteka, baita erabilien diren orrialdeetarako sarbidea ere. Jarraian, Udalarenak izan edo harekin lotura duten webguneetako sarbideak dituzue. “Hurrengo blokean, denboran iraunkorra den udalaren bestelako informazio ataletara sartzeko banerrak eta deialdien leihoa daude. Ondoan, deialdien leihoa dago, udalbatzarren eta Tokiko Gobernu Batzarraren gai-ordenen berri azalean bertan emateko”.
Udalaren digitalizazioan sakontzen segitzeko, bestalde, aurtengo udalbatzaren osoko bilkuren grabazioak zintzilikatu dituzte webgune horretan. Gogoan izan, udaleko bilkurak modu elektronikoan egiteko arautegia onartu zutela 2023ko maiatzeko osoko bilkuran. Denbora da Udala saio hauek bideoz grabatzen hasi zenetik, baina traba tekniko batzuk tarteko, ezin izan dituzte webgunean zintzilikatu. Aurrerantzean ikusgai izango dituzue, beraz.
Berrikuntza gehiago ere izango dira. Izan ere, “webgunea hobetzeko lanak ez dira bukatu”. Udaletik zehaztu dutenez, “udalak identifikatuta ditu informazioa eguneratzeko beharra duten zenbait orrialde, eta datozen asteetan horiek bideratzen jarraituko du”. Besteak beste, “hobarien orrialde propio bat sortzekotan da”. Horrez gain, itxuraz berritzen jarraitu asmo dute baita.