Xiberoko kantariekin kalejira eta emanaldia larunbatean, hango ikastolen alde

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 8a, 18:29

Talde zuberotarrarekin kalejira eta Sutegin emanaldia antolatu ditu Nafartarrak taldeak azaroaren 9rako. Hitzordu hau, Xiberoko ikastolen aldeko otarren kanpainaren baitan kokatu behar da. Otarrak eskatzeko aukera duzue jada.

Oilarrak taldeak 30 urteko ibilbidea osatu du. Gaur egun, 20 lagun aritzen dira kantari. 1994tik hona, ekitaldi ezberdinetan hartu dute parte eta hainbat disko grabatu dituzte. Errepertorio zabal bat dute, "non akapela kantoreak edo instrumentuen bidez diren bertsio zunbait aldizkatzen diren", Oilarrak taldekoek jakinarazi diguten moduan. "Hala nola, akordeioa, perkusio, gitarra, xirula edo biolina".

Larunbatean, azaroaren 9an, Usurbilen izango dira. Kalejira eta Sutegin emanaldia antolatu ditu Nafartarrak elkarteak. Hitzorduok Zuberoako ikastolen aldeko kanpainaren baitan kokatuak daude. Ikastolen aldeko otarren kanpaina abiarazi du beste behin. Segidan dituzue, larunbateko ekitaldien eta elkartasun kanpainari buruzko xehetasunak:


Azaroak 9, larunbata
12:00 Mikel Laboa plazan elkartu eta jarraian herritik buelta bat emango dugu, Zuberoako Oilarrak kantu taldeak lagunduta (20 bat musikari eta kantari izango ditugu gure artean). 

18:30 Oilarrak kantu taldearen emanaldia Sutegi aretoan. Sarrerak: 10 € Lizardin eta egunean bertan.
Zehaztasunak: “Oilarrak müsika eta kantorez aladageratzen den talde bat da, gaur egün hogei bat gizon botzez osatürik dena. 30 urtez, taldeak elkaldi desberdin hanitx egin izan ahal dütü, hala nola Xiberoko müga gainditü dü, jakinez Xiberoak talde hori ikusi beitü sortzen eta nola ez güne desberdinen alageatzen, momentü goxo eta seriosak partekatzez. Talde amatür honen barnen 5 albüma kontatzen dütügü. Xiberotar azentüa eta bortüetako botzen ozentarzüna atzaman daiteke: artzainen kantore, besta edo ezkontzentako kantore... kantore errepertorio handi bat nun akapela kantoreak edo instrumentuen bidez diren bertsio zunbait aldizkatzen diren. Hala nola, akordeioa, perkusio, gitarra, xirula edo biolina. Zeltera errepertorian hartütako melodia zonbaitek, orroitarazten ahal lükete Irlandako tabernetan edo Mikel Urdangarinen kontzetüetan bazen giroa. Püblikoak, Matalazen pastoralaren kantore libürüxka jarraikiarazten ahalko dü harekin, talde honi süstengü ekarteko, nola ez Usurbileko belaünaldi güzier plazerra ekarteko!” 

Antolatzailea: Nafartarrak.


Otarrak eskatzeko garaia
Iaz 200dik gora saski saldu ziren Usurbilen. Eta iaz bezalaxe, aurten ere bi modutara egin daiteke saskiaren eskaera:
• NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan eskatu.
• Internetez, ikaskoli.eus web orrialdearen bidez enkargatu.

Saskien banaketa abenduaren erdialdean egingo da eta NOAUA!ren egoitzan jaso ahal izango da, edota Santomas azoka egunean bestela, Nafartarren postuan.
-Pettarra (50 euro): Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak, pastak.
-Arbaila (57 euro): eztia, bixkotx artisanalak, bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak, pastak.
-Basabürüa (68 euro): xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kg., xahalki axoa, lukainka idorra, pastak.

Informazio gehiago, ikaskoli.eus atarian.