Herri merkataritza zaintzalea, gozoki baita gaurtik ere

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 8a, 12:37

Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko merkatariak egiten ari diren ahaleginaren baitan, gozogintza kanpaina abiarazi dute gaur herriko saltokiek.

 

"Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu! ". Hortxe gaurtik hilero eskura izango duzuen ekimen gozoetan gozoena. Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestatu eta udal brigadak eramandako gozoak eskainiko dituzte herriko saltokietan, hilero maiatzera arte egun batez, bi dendetan. Estreinakoz, ostiral honetan, azaroaren 8an hasi dira plazaratzen eskaintza hau NI eta Ane ile-apaindegietan.

Modu horretan, garai batean jubilatu elkarteei zuzenduta egindako ekimen hauxe da berreskuratu doazena. "Gozoak non izango diren jakiteko euskarriak jarriko dira txanda bakoitzean", aurreikusi dute sustatzaileek.

Jakiok nola prestatu irakasteko, gainera, sukaldaritza tailer bat egin asmo dute Egurtzegin Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek eta haiekin, eguneko zentroko nahiz zaintzadun etxebizitzetako bizilagunek. Bederatzi lagunen parte hartzea espero da.

Zaintzadun herria
Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, hiru ekimen aurkeztu zituzten Udalak eta herri eragile hainbatek ekainean; martxan den "Usurbilen, goazen kalera" dinamikarekin batera, jai zaintzaileen eta merkatari zaintzaileen egitasmoak.

Azken honi, herri merkataritza zaintzaileagoa izateari dagokionean, sustatzaileek esan zutenez, "ekimenaren helburua da, herritarren arteko zaintza eta erlazio sareak indartzea eta bultzatzea. Horren baitan ere pertsona zaurgarrien detekzioa eta artatzeko gizarte zerbitzuek komunikazio kanal bat zabaltzea, prebentzioari begira", azaldu zuten.

Sorospen ikastaroa
Usurbilgo herri merkataritza zaintzaileagoa izateko bidean, bi ekimen antolatu dituzte estreinatu dugun azaroko aste honetarako. Batetik, gaur abiarazi dutena. Bestetik, sorospen ikastaroa antolatu dute herriko merkatarientzat egunotan. Izan ere, "merkatari zaintzaileen sarea martxan jarri zenean, herriko dendariek adierazi zuten baliagarria izango litzaiekeela sorospen ikastaro bat jasotzea". Horri erantzuteko antolatu dituzte bi trebakuntza saio.