"Gaurkoa, Usurbilgo kulturaren historiarentzat egun seinalagarria izango da", ohartarazi dute Jexux Artze Kultur Elkartetik larunbat honetan ospaturiko Txalaparta Festaren hasieran.
Goizeko 10:00ak jota Sutegi kultur-etxe atariak zuen itxura duzue ondoko irudiotan. Ikusmina sortu du hitzorduak. Izan ere, antolatzaileek azken urteotako jaialdiaren edizio berritzailea iragarria zuten gaurko. Eta hala izan da hasieratik bertatik. Irekiera ekitaldi ofizial berezi askoa antolatu dute; ezkil jotzea Salbatore elizan, garai batean Artze anaiek egin ohi zuten moduan.
"Perkusioko tresnarik handi eta nobleenak"
28 urtez etenda egondako ohitura berreskuratu dute gaurkoan, garrantzitsutzat jo dutena. Beste ezer baino lehen, zenbait azalpen eman dituzte, bitxikeriez betetako kontakizun interesgarria, Artzetarrek 80. eta 90. hamarkadetan sustatu zutena.
Sorburura jo du lehenbizi, kontakizun lana egin duen Iker Muguruza herrikideak. 70. hamarkada erdialdean hasi zen Artze anaien eta ezkilen arteko hartuemana. "Jexuxek definitzen zituen ezkilak zirela perkusioko tresnarik handi eta nobleenak, ez zioen gezurrik". Aipatu moduan, 70. hamarkada erdialdean hasi ziren ikusten, "txalapartaren erritmoak ezkiletan jotzeko aukera" egon zitekeela. Ezkilak mailuekin jotzen hasi zireneko garaia dator orduan. "Ezkila bakoitzean jartzen zen anai bakoitza eta txalapartako erritmoak jotzen zituzten", azaldu du Muguruzak.
Beste esperientzietatik ikasten
Baina oztopo batekin egin zuten topo. "Haiek gustura entzuten zuten haien burrunba baina gero konturatu ziren goian entzuten zela baina behean ez eta egoera horri buelta eman behar zitzaiola".
Bitartean, herritik kanpoko esperientziez blaitzen aritu ziren. "Gipuzkoan zeuden ezkile jole gutxienetako batzuekin harremana izan zuen Jexuxek. Bere koinatu Jean Paulekin joaten ziren, Bidaniara eta Oiartzunera". Halere, "berarentzat deskubrimendua izan omen zen Arruazura joan zenean". Larunbat goiz honetan azaldu dutenez, "han ezagutu zituen Tomas Ganboa ezkile jolea eta hango apaiza Joxe Mari Satrustegi".
Aldea ba omen zen kanpandorre haien eta Usurbilgoaren artean. "Kanpandorre txikiagoak dira, orduan errazago jotzen dira, azkarragoak dira jotzen eta beti ere erritmo biziagoak egiten dira. Hemen, aldiz, kanpaiak ikusten dira ze handiak diren. Sokarekin mugitu behar dira, indar dezente egin behar da eta ezin da erritmo azkar horiekin". Horregatik, gaurkoan azaldu dutenez, "Jexuxek beti zioen hango ezkila soinua soinu bizia eta alaia zela, hemengoekin alderatuta. Ez zuela zer ikusirik".
Herri ospakizunetan
Esperientzia ezberdinen ezagutzaren ondotik, ohitura hura Usurbilen sustatzeari ekin zioten 80. hamarkada hasieran. "1980an Martin Larrañagarekin hasi zen hemen muntaia hori egiten. Usurbilgo ezkilak jotzen hasi ziren. Jotzen ziren gehienbat, herriko jai garrantzitsuen bezperetan".
Hamasei urtez eutsi zioten ohitura hari, 1996. urtera arte hain zuzen. Hitzordu haietarako nola prestatzen ziren azaldu dute gaurkoan. "Beti esan ohi zuen Jexuxek kanpandorrera ideia finko batekin igotzen zela baina askotan han ateratzen zitzaionarekin aurrera jotzen zuela".
Ez zuten entseatzeko leku fisikorik, baina alternatibarik aurkitu zioten oztopo horri. "Santueneko bidean, orain kenduta dagoen zubian, burdinean bi goilarekin entseguak egiten" aritzen omen zen kanpandorrera igo aurretik.
1996an isildu ziren Usurbilgo ezkilak, bai behintzat modu edo erabilera honetarako. 28 urteren ostean ohitura hau berpiztu dute gaurko Txalaparta Festan.