Xiberotarrak Usurbilen

Zuberoako ahots eta doinu ederrak biran, "Oilarrak" taldekoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 9a, 15:34

Zuberoako kantari eta musikari talde jendetsua gaur Usurbilen, Nafartarrak elkartekoen eskutik. "Oilarrak" taldekoak gonbidatu dituzte eta irudiotan duzue, arratsaldean Sutegin eskaintzekoak diren kontzertuan aurretik, eguerdi partean herri erdigunean barrena egindako biraren irudiak.

Txalaparta doinuekin batera, Usurbilen bizi askoa izan dugun larunbat honetan, Zuberoako ahotsak izan ditugu protagonista. Izan ere, Nafartarrak elkartekoen eskutik gure artean izan dugu herrialde hartako abeslari eta musikari talde jendetsua; "Oilarrak" taldea.

Segidan dituzuen irudiotan ikus dezakezuen moduan, bira egin dute herri erdigunean barrena bazkalaurreko poteo orduan. Aitzaga parean hasi dute ibilbidea, Txirristra parean geratu dira gero, Artzabal aldera jo aurretik. Albiste honi atxikitako bideoa entzutea aski da, kantagintzarako duten gaitasun bikaina nabarmentzeko.

Gaurko hitzordu hau, Nafartarrak elkarteak Xiberoko ikastolak laguntzeko abian duen urteroko elkartasun kanpainaren testuinguruan kokatu beharra dago, duela bi hamarkadatik gora usurbildar talde batek xiberotarrekin duen hartueman emankorrean.

Otarrak eskatzeko garaia
Iaz 200dik gora saski saldu ziren Usurbilen. Eta iaz bezalaxe, aurten ere bi modutara egin daiteke saskiaren eskaera:
• NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan eskatu.
• Internetez, ikaskoli.eus web orrialdearen bidez enkargatu.

Saskien banaketa abenduaren erdialdean egingo da eta NOAUA!ren egoitzan jaso ahal izango da, edota Santomas azoka egunean bestela, Nafartarren postuan.
-Pettarra (50 euro): Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak, pastak.
-Arbaila (57 euro): eztia, bixkotx artisanalak, bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak, pastak.
-Basabürüa (68 euro): xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kg., xahalki axoa, lukainka idorra, pastak.

Informazio gehiago, ikaskoli.eus atarian.