Txalaparta Festa

Martin Larrañagak izan du ezkilak jotzen hasteko ohorea

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 9a, 16:01

1996an galdutako ohitura berreskuratu dute gaurko Txalaparta Festari ekiteko. Ezkilak joz ekin diete ospakizunei.

Larunbat goiz honetako 10:00ak jota kanpai hotsak entzungo zenituzten herriko txoko ezberdinetatik. Ez ziren ordueroko ohikoak, ezta hiletak iragartzerakoan entzun ditzakegunak ere, edota garai batean bezala suterik zela iragartzeko. Gaurkoan, 1996tik entzun gabekoak genituen hotsak berreskuratu dituzte. Izan ere, Jexux Artze K.E.-k  larunbat honetarako, azaroaren 9rako antolaturiko Txalaparta Festa honi Salbatore elizako kanpandorretik ekin diote, ezkilak joz hain zuzen.

Garai batean, 1980an hasi eta 1996ra arte urteko egun seinalatuetan Artzetarrek abiarazitako ohitura, galdua zena berreskuratu dute aurten, ohorezko gonbidatuekin, gainera. Ezkilak jotzeko ohitura berreskuratzen lehena, Martin Larrañaga izan da. Usurbilgo alkate ohia izan zen hain zuzen, 1996an, ohitura hau galtzear zela, ezkilak jotzen ibili zen azkenetakoa.

Berarekin batera aritu dira zeregin berean eta eman diote hasiera ofiziala gaurko Txalaparta Festari, Iker Muguruza eta Jurgi Fuentes herrikide eta Jexux Artze K.E.-ko kideek.