Txalaparta Festa

Herritarrek ere ezkilak jo eta elizako ondarea ezagutzeko aukera izan dute

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 9a, 14:55

Bisita gidatu inprobisatuan bilakatu da larunbat honetako Txalaparta Festa. Aurretik Sutegi atarian azalpenak entzuten egondako herritarrek kanpandorrera igo, hasiera ofizialaren ostean ezkilak jo eta Salbatore elizako ondarea ezagutzeko aukera izan dute.

Ezkil hotsak izan ditugu gaurkoan protagonistak, Jexux Artze K.E.-ren Txalaparta Festaren abiapuntuan. Izan ere, goizeko 10:00ak jota Salbatore elizako kanpandorreak bereganatu du arreta osoa. Artzetarrek 80. eta 90. hamarkadetan urteko ospakizun egun seinalatuetan ezkilak jotzeko zuten ohitura biziberritu dute gaurko jaialdiaren antolatzaileek.

Unea, gainera, hasiera ekitaldi horretara hurbildu diren herritarrekin partekatu nahi izan dute. Hala, Sutegi ataritik jarri duten pantailatik zuzenean jarraitu ahal izan duten ezkilak jotzeko hitzordu horretan egon ahal izan dute. Kanpandorrera igo dira hainbat herritar, ezkilak jo eta bertatik ikus daitekeen herriaren panoramikaz gozatzera. Ikusmina sortu du ekimenak. Gutxitan bezala, gehienen kasuan estreinakoz herri osoan entzun diren ezkilak jotzeko aukera izan dute.

Bide batez, Salbatore elizako ondarea hobekiago ezagutzeko parada ere izan dute, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak antolaturiko bisita gidatuen eskaintzan egin daitekeen moduan. Hala, erloju eraberritua edota ehun urtetik gorako organoa ikusi eta entzun ahal izan dute.

Hitzordu berritzaile eta parte hartzailea zalantzarik gabe.