Ahots ederren biltoki izan da larunbat iluntze honetan Sutegiko auditorioa, eguerdi partean herriko kaleak izan diren antzera. Zuberoatik gure artera egunpasa etorritako "Oilarrak" taldeko abeslari eta musikariak izan ditugu kultur-etxeko oholtzan.
Nafartarrak elkarteak gonbidatuta etorri dira Usurbilera bisitan, Zuberoako ikastolak laguntzeko beste urte batez abian duten elkartasun kanpainaren baitan. Han, ikastolen bueltako guraso eta herrikideek ekoitzitako produktuen otarren bidez bertako ikastolak lagundu nahi dira aipatu moduan.
Elkartasun ekimen hau bi hamarkadatik gorako zuberotar eta usurbildarren arteko hartuemanetik dator. Testuinguru honetan hain zuzen, bi hitzordu antolatu ohi dituzte urte garai honetan; xiberotarrak bisitan izaten ditugu Usurbilen, gaur bezala. Astebete barru, herrikide talde bat joango da Urdiñarben urtero egin ohi duten ospakizunera. Afaria sukaldatzen diete xiberotarrei. Bertan bildutako laguntza Seaska ikastolen elkarteko integrazio batzordera bideratu ohi dute.
Kantuz eskertza trukean
"Oilarrak" taldeak Sutegin larunbat honetan eskainitako kontzertuan ere hitzordu hauxe gogorarazi diete kultur-etxeko auditorioan bildutakoei; astebete barru izango dela topaketa hori.
"Urteko afari hoberena da", nabarmendu dute Oilarrak taldetik Sutegin, zinez eskertuz usurbildarrei egin ohi duten ahalegina. Ez soilik asteburu horretan, otarrak eskuratuz agerturiko elkartasunarengatik ere esker ona adierazi diete usurbildarrei. "Ikaskoli anitz hartzen dituzue ikastolari sostenguz. Horregatik nahi zaituztegu eskertu, milesker anitz!", txalotu nahi izan zituzten usurbildarrak. Eskertza moduan aritu nahi izan dute kantuan Sutegin.
Duela bi hamarkadatik gorako hartueman sendoa are gehiago estutzeko asmoa agertu zuten. "Usurbilen, harreman estu hau indartu nahi dugu. Horregatik gara hemen kantuz aritzeko".
30 urte
Pozarren agertu ziren Usurbilen egoteagatik, are gehiago taldea bizitzen ari den une berezian. Izan ere, 30 urte bete dituzte. Iaz, gainera, "Matalaz" pastorala eskaintzeko ardura izan zuten.
Kantugintzarako eta musikagintzarako duten abilezina nabarmena plazaratu dute Sutegin.