Txalaparta Festa

Txalapartariek eta Fanfarrikant-ek bat egin dute gaurko jaialdiaren amaieran

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 9a, 21:23

Kantuak, fanfarre taldeak eta txalapartariek, herri sorkuntzak bat egin du larunbat iluntze honetako Txalaparta Festaren amaieran.

Zirrara, alaitasuna eta herri giro bikaina sustatu du larunbat honetako Txalaparta Festaren amaierak. Goizean goizetik hasita iluntzera arte, txalapartaren kultura formatu eta eremu ezberdinetan aritu da hedatzen Jexux Artze Kultur Elkartea. Garai batean Artzetarrek elizako ezkilak jotzeko ohitura berreskuratzen hasi eta ikusi nola amaitu duten gaurko jaialdia.

Errepikatzeko moduko hitzordua izan da. Herri sorkuntzak inoiz egin ez bezala bat egin du; amaierara bidean den urte honetan plazaratzen ikusten hasi garen Usurbilgo Fanfarrikant batetik, euskal abesti ezagunak kantatu eta musikatzen aritu dira. Eta haiekin, Usurbilgo txalapartariak. Gaztetxoenek frontoi ondoan hasi duten kalejiran parte hartzeko aukera izan dute. Txalapartari helduenak Fanfarrikant-en abesti ezagunen erritmora aritu dira jotzen bikain asko.

Haien bueltan jendetza batu da abestu eta dantzatzera. Txalapartarien eta Fanfarrikant-en emanaldia ibiltaria izan da gainera. Dema eta Askatasuna plazak lotzen dituen pasabidetik hasi, Mikel Laboa plazan segi eta Benta taberna ondoan amaitu dute ibilbidea, txalaparta une oro egun osoan zehar bezala, jaialdiaren erdigunean zela.