Akabo, "Go!azen" telesaila ikusteko gonbidapenak erabat agortu dira. Gogoan izan, azaroaren 22an estreinatuko du saio honen hamaikagarren denboraldia Euskal Telebistak. Aurrez, ordea, Euskal Herriko hainbat txokoetan lehen atala ikusteko aurrestreinaldiak antolatu dituzte; tartean, Usurbilgo Sutegin.
Udalerri honetako kultur-etxean doako bi emanaldi antolatu dituzte EITB-k, UEMAk eta Usurbilgo Udalak lankidetzan, ostiral honetarako, azaroaren 15erako, arratsaldeko 18:00etan eta 19:30etan. Bi proiekzio hauetarako gonbidapenak iragan ostiral goizeko 9:00etan jarri zituzten eskuragarri usurbilkultura.eus plataforman. Handik ordu gutxira agortu ziren arratsaldeko 18:00etako emanaldiko sarrerak. 19:30etakoak asteburu honetan bertan agortu dira baita.
Hitzorduak eragindako begi-bistako ikusmina tarteko, gutxitan ikusitako jende ilara izango da ostiral honetan bi proiekzio hauetarako. Gonbidapenik gabe geratu eta aurrestreinaldi honetaz gozatzeko gogoz geratu dena, adi; egun horretan bertan, Makusi plataforman ere ikusi ahalko da eta, "Altxor Ezkutua" izeneko "Go!azen" telesailaren denboraldi berriko lehen atala. Astebete geroago, azaroaren 22tik aurrera ikusi ahalko dira atal berriak ETB1 katean nahiz eitb.eus atarian. Segidan, Makusi eta Nahieran plataformetan ere bai.
"Nobedadez beteta"
Euskal Irrati Telebistatik aurreratu dutenez, hilaren 22ko lehen atal hori eskaini aurretik, horren "bideoak ere Makusin ikusi ahalko dira, primizian, eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) eduki berezi eta esklusiboak landuko dira, telesaila hasi aurretik (#goazenoroitzen traola erabilita) eta denboraldi osoan zehar".
"Go!azen" telesailaren hamaikagarren denboraldia, "nobedadez beteta" dator. "Aurtengoan ere Basakabiko gaztetxoen abenturez gozatzeko aukera izango da, betiko osagaiak nahastuta: lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak, umorea… eta, jakina, musika eta dantza ez dira faltako. Ez ahaztu, eginagatik distira, denak urre ez dira!", berri eman dute EITB-tik.
Hamargarren denboraldiko pertsonaiak eta kide berriak bilduko dira Basakabin. Iazkoen artean dira, "Garazi (Nerea Elizalde), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta), Luken (Ander Lacalle), Aner (Xabier Elizalde), Bosko (Ander Ayerza) eta Maitane (Nerea Arriola)"; pertsonaia berrien artean, aldiz, "Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar)".