Udalerri honetako erdigunean amaituko udal gobernu taldeak, urria amaieraz geroztik Usurbilgo herri eta auzoetan barrena eginiko bira. Izan ere, landua duten 2025eko udal aurrekontu proposamena aurkezteko bilera bana egin du urriaren 29az geroztik, Aginagan, Txokoalden, Santuenean, Atxegalden, Munalurran, Kalezarren, Etxealdian edota Zubietan.
Bira hau, aipatu moduan, herri erdigunean amaituko du astearte honetan, azaroaren 12an. Datorren urteko udal aurrekontu proposamena aurkezteko azken bilera deitu dute bihar arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.
Hasieraz onartzea
Herritar eta eragileen ekarpenak biltzeaz gain, tokiko gaiei ere heldu diete bilera hauetan guztietan. Zubietan bidegorri proiektua hartu zuten ahotan, Kalezarren Belmonte kaleko trafikoa izan zuten hizpide, Aginagan, Eliza Zaharra, alagunea eta semaforoak, Santuenean auzoko sarreraren berrantolaketa eta autobus geltokia, Txokoalden Altzonazko zubiko konponketa lanak edota Etxealdikoekin eginiko bilkuran auzoko igogailua eta irisgarritasun proiektua.
Guztira, bederatzi aurkezpen saio antolatu ditu azaroaren 12ra bitartean Usurbilgo herri eta auzoetan. Erronda honen ondoren, eta aldaketarik ez bada, udal aurrekontuak hasieraz onartuko dira azaroko osoko bilkuran. Hala, abenduan jendaurrean izan, eta 2025 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen. Herri-auzoetako bilerekin batera, oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.
2025eko udal aurrekontuen aurkezpenak
Azaroak 12, asteartea
18:00 Herri erdiguneko bilera Potxoenean.
Deitzailea: udal gobernu taldea.