Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratuko duen Mundualdia iragarri dute azaroaren 16rako. Aurtengoan, hitzordu honen baitan txertatu dute Bizipoza elkarteak antolaturiko jardunaldia. Jardunaldiak arrazakeria izango du hizpide nagusi. Izan ere, "Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen" izango da jardunaldi honen leloa.
Antolatzaileek jardunaldiaren egitarau zehatza plazaratu dute. Batetik, arrazakeriaren marko orokorra eta hezkuntzan duen kokapena azalduko dute. Hizlari gisa jardungo dute Ndank Ndank elkarteko kide Eli Dominguezek eta Voryri Bita aktibista antiarrazistak.
Bizipenei ere tartea egingo diete Ume Alaia elkarteko kide Blanca Ibarrolaren, Kale Dor Kayiko elkarteko kide Antonio Dualen, Ndank Ndank elkarteko kide Mamadou Sarren, Oihana Fernandez de Barrena aizkolariaren eta eskola publikoko irakasle eta ume arrazializatuen ama den Itziar Larrinagaren lekukotzekin.
Mokadutxoa dastatu ostean, "euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitatean" hizpide duen Zaldibiako esperientzia aurkeztuko dute. Amaitzeko, "ikuspuntua" izango dute hizpide EHUko Gizarte Psikologiako irakasle eta urtez SOS Arrazakeriako kide Maitane Arnosok eta gizarte psikologiako doktoretza ikerlari Leire Amenabarrek.
Hitzordu honetarako izena eman dezakezue labur.eus/bizipoza8 helbidean izango duzuen formularioan. Informazio gehiago, bizipoza.eus atarian jaso ahalko duzue.
Helburu bikoitza
Bizipoza Elkarteak zortzigarren jardunaldiak iragarri ditu Usurbilen Mundualdia jaialdia ospatuko den azaroaren 16rako. “Urtero antolatzen diren jardunaldiek helburu bikoitza dute”, sustatzaileen esanetan. Batetik, “elkarte guztiak elkartu eta bakarrik ez daudela, elkarren babesa sentitzea” eta, bestalde, “elkarteen interesekoak diren gaiak landu, esperientziak partekatu eta mahainguruetan parte hartuz, tresna desberdinak eskuratzea”.
Aurreko bi urteetan bezala, Usurbil hautatu du Bizipoza elkarteak bere aurtengo jardunaldietarako. Aurkezpen gutxi behar duen gizartegintza egitasmo honek izaera bereziko gaiak plazaratu eta euskaraz sentsibilizatzen dihardu. Horrez gain, errealitate horietan eragiten diharduten elkarteoi laguntza afektiboaz gain, eguneroko jardunerako beharrei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza eskaintzen dute.
Zaintza sistema publiko komunitarioa izan zuten hizpide 2022an, Bizipoza Eskola aurkezteko baliatu zuten iazko hitzordua. Aurtengoak “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen” aldarripean egingo dituzte. "Arrazakeria ez da arazo indibiduala bakarrik, baizik eta gure gizarte-egituretan eraiki eta errotutako fenomenoa da. Desberdintasuna eta diskriminazioa betikotzen duten jarrera, praktika eta politiketan agertzen da. Ekintzaile eta norbanakoen bizipenetatik abiatuta, “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen” jardunaldiak arrazakeriaren sustraiak hobeto ulertzea du helburu, zeintzuk diren honen ondorioak eta nola deseraiki ditzakegun egitura horiek gure eguneroko bizitzan", antolatzaileen esanetan.
Gogorarazi dutenez, "elkarrekin kontzientzia sor dezakegu eta aldaketa esanguratsuak sustatu gure gizarte-egituretan eta zure ahotsa eta presentzia funtsezkoak dira gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko. Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean arrazakeriaren aurkako borroka ere guztion erantzukizuna da".
Mundualdia
Azaroak 16, larunbata
09:30-13:30 Bizipoza elkartearen VIII. Jardunaldia Sutegiko auditorioan: “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen”.
11:00-12:30 Zirimara familian frontoi inguruan: bertako eta hainbat jatorritako familiekin jolasak.
18:00 Usurbilgo hizkuntza aniztasuna lantzeko proiektuaren aurkezpena.
Horren ostean, hainbat jatorritako jakien dastaketa.
Son de Hoy taldea, Kubako musika tradizionala.