Sorterrien Usurbil plazaratuko da beste behin, ate joka dugun Mundualdian. Larunbaterako, azaroaren 16rako iragarri dute sustatzaileek aurtengo edizioa. Ez da faltako, noski, Usurbilgo sorterri ezberdinetako herrikideek sukaldaturiko jakien dastaketa arrakastatsua, herrialde orotako usurbildarrak hartuemanetan jartzen dituena.
Hamar postu jarriko dituzte gutxienez eta haietan, zortzi herrialde egongo dira ordezkatuak: "Venezuela, Nikaragua, Sahara, Brasil, Kolonbia eta Pakistaneko bana, eta Kubako eta Mauritaniako bina".
Musikaz girotua egongo da Mundualdia. Son de Hoy taldea gonbidatu dute aurtengoan. Kubako musika tradizionalaz gozatzeko aukera izango da.
Usurbilgo hizkuntzak
Larunbat arratsalde hori, ordea, hasiera ekitaldiak abiaraziko du. Azken urteotan, proiektu ezberdinak aurkezteko baliatu izan dute hitzordu hau. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Jatorri aniztasuna plazaratzen duen jaialdi honen abiapuntuan, hizkuntzetan jarriko dute arreta. "Datozen hilabeteetan, herrian hitz egiten diren hizkuntzetan jarri nahi dute arreta udalak eta Aniztasun Kontseiluak, eta lanketa abiatua dute, dagoeneko, Garabiderekin: horren berri emateko baliatuko dute aurtengo Mundualdiko oholtza".
Euskararen esperientziatik, hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduen gobernuz kanpoko erakundeak proiektu honen nondik norakoen berri emango du laster.
Aurretik, goizerako beste bi hitzordu iragarri dira Mundualdiaren baitan. Batetik, Zirimara egitasmoko familia plana egingo da. Tokiko nahiz urrunagoko jolasetan parte hartzeko aukera izango dute familiek frontoi inguruan. Tarte horretan, Sutegin, arrazakeria hizpide izango duen zortzigarren jardunaldia egingo du Bizipoza elkarteak.
Mundualdia
Azaroak 16, larunbata
09:30-13:30 Bizipoza elkartearen VIII. Jardunaldia Sutegiko auditorioan: “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen”.
11:00-12:30 Zirimara familian frontoi inguruan: bertako eta hainbat jatorritako familiekin jolasak.
18:00 Usurbilgo hizkuntza aniztasuna lantzeko proiektuaren aurkezpena.
Horren ostean, hainbat jatorritako jakien dastaketa.
Son de Hoy taldea, Kubako musika tradizionala.