Indarkeria matxistaren biktimen arretarako eta erreparaziorako erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa eguneratzeari ekin dio udalak. Erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa berdintasun planaren parte da.
"Udaleko Parekidetasun sailak, Gizarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak eta ordezkari politikoez gain, herriko anbulatorioak, Osakidetzak eta Ertzaintzak ere parte hartuko dute lanean, Sortzen aholkularitza zerbitzuak lagunduta. Gainera, herriko zenbait eragile ere gonbidatu dituzte bertan parte hartzera, batik bat, mugimendu feminista eta hezkuntza komunitatea", berri eman dute Udaletik.
Urrian ekin zioten lanketa prozesuari. Bost saio egingo dituzte. "Lehenengoan, elkar ezagutu eta erakunde bakoitzak biktimen arretarako zein baliabide dituen eta nola artatzen dituzten azaldu zuten. Gainerako lauak hausnarketa saioak izango dira. Legediaren ingurukoa izango da lehenengoa. Hurrengoan, indarkeria matxistaren biktima diren ama eta euren seme-alaben gaiari helduko zaio, herriko mugimendu feministarekin eta hezkuntzako eragileekin batera. Ondoren, orain arte oso gutxi heldu izan zaion indarkeria matxistaren biktimen erreparazioaren gaiari helduko diote (erreparazio ekonomikoaz gain, politikoari eta psikologikoari begira ere). Azkenik, erantzun politiko-instituzionala landuko dute: udalbatzako hautetsi guztiekin hitzordua jarri dute, abendurako", aurreikusi dute.