Errigoraren saskiak eskatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 14a, 08:53

Ostegun hau, azaroaren 14a duzue Errigoraren “Agerreko uzta euskarari puzka” ekimeneko saskiak eskatzeko azken eguna.

"Prest dago aurtengo uzta Euskal Herriko txoko guztietara banatzeko", berri eman du Errigorak albiste honi atxikitako bideoaren bidez. "Agerreko uzta euskarari puzka" udazken parteko elkartasun kanpainan parte hartzeko azken eguna duzue gaurkoa. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuez hornituriko hiru kaxa eskatu ahalko dituzue ostegun hau amaitu baino lehen. 

Hauek dira aukeran izango dituzuen saskiak:

Beltza
-Prezioa: 55 euro.
-Produktuak: piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.



Berdea
-Prezioa: 65 euro.
-Produktuak: piperrak, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo-ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, teila eko eta haritz ardo beltza.



Gorria
-Prezioa: 75 euro.
-Produktuak: ardo apartsua Rosé, ardo beltza kriantza, ardo txuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molineritoak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi-gazta.
Oharra: saskiarekin batera, 5 euroren truke “Agertuz” karta-jokoa eskuratzeko aukera.

Elkartasuna
"Ekin eta ekin, Nafarroa erdi eta hegoaldean euskara sustraitzeko lurra lantzen gabiltza. Lur emankor horietan haziak sustraitzen hasi dira dagoeneko eta poliki-poliki lur berrietara hedatzen ari dira", berri eman dute Errigoratik.

Elkartasunaren garrantzia nabarmendu dute. "Auzolan erraldoian lantzen dugu lurra, euskaltzaleok elkartasunaren bidez ematen diogu zolari behar duen eguzki, ur eta haizea, urtaroz urtaro gutxituz ordez elkartasuna biderkatuz".

Eskaerak
Urtean bitan izaten da Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintza sostengatu eta tokiko ekoizpena sustatzen laguntzeko aukera; udaberri partean lehenik, kontserba-sortak eta oliba-olio birjina eskuragarri jartzen duen “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainaren bidez eta orain, “Agerreko uzta euskarari puzka” ekimenaren bidez. Azaroaren 14ra arte hain zuzen, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko produktuez osaturiko saskiak eskatzeko aukera izango duzue errigora.eus bidez nahiz beste urte batez, ekimenarekin bat egin duen NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.

Elkartasuna
Gogoan izan, erosketa hauen truke jasotako laguntzaren laurdena bertako euskalgintzara bideratuko dute. “Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio”.