Isundutako Ernaiko kideei eta gazte antolakundeari babesa adierazteko elkarretaratze iraunkorra gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 15a, 07:32

Irailean Ernaik Donostian deitutako manifestazioaren atarian ateratako herri argazkia.

Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratzearen aurkako ekimenetan parte hartzeagatik 290.500 eurorekin isundutako Ernaiko 133 kideei eta gazte antolakundeari babesa adierazteko elkarretaratze iraunkorra deitu dute ostiral honetarako, azaroaren 15ean Usurbilgo frontoian.

Kontzentrazio iraunkorra deitu du Usurbilgo Ernaik ostiral honetarako, azaroaren 15erako Usurbilgo frontoian. Izan ere, deitzaileek gogorarazi moduan, "maiatzean zehar, gazte borrokan aritzeagatik, 290.500 euroko zigorra jaso genuen, 133 isunetan". 1.500-2.500 euro artekoak dira isun hauek. Ondorioz, "eraso horrek Ernai egoera oso larri batean kokatu du; izan ere, operazio horrek, Ernai ekonomikoki itoaraziz politikoki ezeztatzeko helburuari erantzuten dio".

Isun bakoitzeko helegitea aurkeztu zuen gazte antolakundeak "Eusko Jaurlaritzaren aurka, haren jarrera desproportzionatu eta arbitrarioa salatuz". Testuinguru horretan, epaiketa abiaraziko dute azaroaren 28an. Honenbestez, isundutako Ernaiko kideei eta gazte antolakundeari berari epaiketaren atarian babesa adierazteko mobilizazioa izango da ostiral honetarako deitu dutena. 

Eragile sozial, sindikal eta politikoen babesa
Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratzearen aurkako ekimenetan parte hartzearen harira isundu zituzten Ernaiko 133 kide. Abiatzear den epaiketaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat kolektiboren aurka abian duen "jazarpen estrategia" salatu dute asteazken honetan hainbat herri mugimenduk Gasteizen eginiko agerraldian. Protesta sozialen aurkako erasoak geroz eta ohikoagoak direla salatu dute. Horregatik, Jaurlaritzari galdegin diote "jazarpen estrategia sistematikoarekin amaitzeko" eta horrekin batera, "herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatzeko".

Eskaera hauek jasotzen dituen manifestua kaleratu eta harekin bat egin dute eragileok: AHT! Gelditu Nafarroa, Alternatiba, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Bilboko Konpartsak, Bilgune Ekosoziala, Bilgune Feminista, Contrapunto Decolonial, EH Bildu, EHGAM, EHko Etxebizitza sindikatuen sarea, ESK, Eusko Alkartasuna, Ekologistak Martxan, Emakumeen Mundu Martxa, Etxalde, Extintion Rebellion (Bizkaia eta Iruñea), Gazte Abertzaleak, Gazte Feministak, Gasteiz Antiarrazista, Gurea Geroa (EHko pentsionistak), Haritu, Ikama, Jauzi, Joxemi Zumalabe, LAB, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Olatukoop, San Fermines 78, Sortu, Steilas, Sustraiak eta Yalah Nafarroa con Palestina.

Eragile hauei guztiei batuko zaizkie, ostiral honetarako, azaroaren 15erako Usurbilgo frontoian deitutako elkarretaratzean Usurbilgo hainbat. Izan ere, ordubete pasatxoko elkarretaratze iraunkorrean txandaka herri eragile ezberdinek parte hartuko dute.


Elkarretaratze iraunkorra
Eguna: azaroak 15, ostirala.
Ordua:
18:00-19:30.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratzearen aurkako protesta ekimenetan parte hartzeagatik isundu dituzten Ernaiko 133 kideei babesa adierazteko elkarretaratze iraunkorra egingo da frontoian. 290.500 euroko  isuna jaso zuten guztira. Horri lotuta isun bakoitzeko helegite bana aurkeztu zuen gazte antolakundeak. Epaiketa azaroaren 28an hasiko da. Testuinguru honetan, ordu eta erdiko elkarretaratze iraunkorra egingo da Usurbilgo frontoian isundutako Ernaiko kideei eta gazte antolakundeari berari babesa adierazteko. Herri eragile ezberdinek parte hartuko dute txandaka. Amaieran, urdaiazpikoa zozketatuko dute.
Deitzailea: Usurbilgo Ernai.