Urte amaierara begira garen honetan, bueltan datorren Hurbilagoren kanpainari adi. Datorren astetik aurrera, erosketa bonuak jarriko dituzte guztion eskuragarri. Hala diote, aste honetako NOAUA! bidez plazaratu duten iragarkiak: "ordaindu 20 euro eta eskuratu 30 euro", 10 euroko deskontua beraz, aipatu merkatarien elkarteko saltokietako erosketetarako.
Bonu hauek eskuratzeko bi modu izango dira. Modu presentzialean jasotzeko hiru egun finkatu ditu Hurbilagok azaroaren 19tik 21era Potxoenean:
-Azaroak 19: 13:00-15:00 / 17:00-19:00.
-Azaroak 20: 17:00-19:00.
-Azaroak 21: 10:00-12:00.
Online bidez, azaroaren 22tik aurrera eskuratzeko aukera izango da baita gertuago.eus atarian.
Janari poltsa isotermikoak
Bada Hurbilagotik abian duten beste kanpaina bat ere egunotan. Izan ere, poltsa isotermiko bat opari gisa jasotzeko aukera dago saltokiotan 30 euroko erosketak eginez gero, "bertako dendetan erositako kalitatezko produktuak fresko mantendu eta etxeratzeko". Lehen 50 erosleei zuzenduriko eskaintza izango da honako hau.
Denda hauek bat egin dute ekimen horrekin: Aizpurua Okindegia, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Ane ile-apaindegia, Artzabal baserria jatetxea, Arruti harategia, Bordatxo taberna, Enar estetika, Esnaola janari-denda, Guria taberna, Intza ile-apaindegia, Iratze natur denda, Itzira eraikuntzak, Laukote, Laurok liburu-denda, Lizardi liburu-denda, Lurda mertzeria, N.I ile-apaindegia, Opilgoxo, Otar-Goxo, Txirristra taberna eta Usurbil Optika.
Herri merkataritza babesteko deia
Herri merkataritza sustatzeko kanpaina hau eta bestelakoekin sustatu ohi duten moduan, gogorarazi dutenez, "zure esku dago herriko merkataritza babestea!". Berriki ohartarazi duten moduan, "gero eta botere gehiago ari dira pilatzen merkataritza kate erraldoien eskuetan eta hori mehatxu zuzena da gure herriko denda txikientzat, lehen sektorearentzat eta tokiko ekonomiaren biziraupenarentzat".
Horregatik, nabarmendu dutenez, "erosle txikien iraultza gure esku dago. Babestu zure herriko merkatariak, sustatu tokikoa eta erosi bertan!".
Otarrak eta azoka
Urte amaiera bizi askoa izan ohi du Hurbilagok eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Batetik, 650 Usurbil Bizi otarren zozketa sustatzen ariko dira hurrengo asteotan. Dagoeneko sortzaile eta ekoizleentzako izen-emateko epea ireki dute gaur.
Bestalde, abenduaren lehenerako, Udazkeneko Azoka antolatzen ari dira. Bertan aurkeztuko dute hain zuzen 650 Usurbil Bizi otarra. Informazio gehiago gertuago.eus atarian.