Mundualdia

Jatorri aniztasuna, plazara larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 15a, 11:59

Larunbat honetan, azaroaren 16an ospatuko da Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratzen duen jaialdia.

Sorterrien Usurbil plazaratuko da beste behin, ate joka dugun Mundualdian. Larunbaterako, azaroaren 16rako iragarri dute sustatzaileek aurtengo edizioa. Ez da faltako, noski, Usurbilgo sorterri ezberdinetako herrikideek sukaldaturiko jakien dastaketa arrakastatsua, herrialde orotako usurbildarrak hartuemanetan jartzen dituena.

Hamar postu jarriko dituzte gutxienez eta haietan, zortzi herrialde egongo dira ordezkatuak: "Venezuela, Nikaragua, Sahara, Brasil, Kolonbia eta Pakistaneko bana, eta Kubako eta Mauritaniako bina".

Musikaz girotua egongo da Mundualdia. Son de Hoy taldea gonbidatu dute aurtengoan. Kubako musika tradizionalaz gozatzeko aukera izango da.

Zirimara eta Bizipoza
Goizerako beste bi hitzordu iragarri dira Mundualdiaren baitan. Batetik, Zirimara egitasmoko familia plana egingo da. Tokiko nahiz urrunagoko jolasetan parte hartzeko aukera izango dute familiek frontoi inguruan. Tarte horretan, Sutegin, arrazakeria hizpide izango duen zortzigarren jardunaldia egingo du Bizipoza elkarteak.


Mundualdia
Azaroak 16, larunbata
09:30-13:30 Bizipoza elkartearen VIII. Jardunaldia Sutegiko auditorioan: “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen”.

11:00-12:30 Zirimara familian frontoi inguruan: bertako eta hainbat jatorritako familiekin jolasak.

18:00 Hainbat jatorritako jakien dastaketa.
Son de Hoy taldea, Kubako musika tradizionala.