Udalbiltzaren “Geuretik Sortuak” egitasmoaren bigarren edizioaren baitan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan ondutako lau film labur proiektatzekoak zituzten igande honetan, azaroaren 17an 18:00etan Sutegiko auditorioan. Baina hitzordu hau bertan behera utzi dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Lau ziren proiektatu asmo zituzten film laburrak: “Arrigurik "<3" sortutakoa Uharten, Alba Lozanok "Ütlandsk" Oiartzunen, Aitzol Saratxagak "Ehiza" Legution eta Pette Etxebarriak "Oiogorri" Antzuolan eta Aiherran. Horiek dira Lau Elementuak", igandean Sutegin proiektatzekoak zituztenak, Usurbilgo Udalaren eta Udalbiltzaren eskutik.
“Geuretik sortuak” beka deialdiaren edizio berria martxan
Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltza Partzuergoak euskarazko sorkuntza sustatzea xede duen “Geuretik Sortuak” egitasmoa jarri du martxan berriz ere. “Sormen, ekoizpen eta hedapen” hirugarren beka deialdiko oinarriak kaleratu ditu. Gogoan izan, egitasmo honetako parte hartzaileek Euskal Herriko herri batean eginiko bizpahiru asteko egonaldian sorkuntza lan bat bideratzeko aukera izango da; komiki (15-20 orrialdekoa), antzerki, zine (20-25 minutuko filma) edo literatura obra bat (30.000-40.000 karakterekoa).
Deialdi honen baitan, sormenerako eta hedapenerako beka bana eskainiko da. Lanak 2025eko iraileko udazkenerako aurkeztu beharko dira beranduenez. Hedapen fasea 2026ko urtarriletik irailaren 30era bitarte egin beharko da.
Euskal Herri osoko 16 urtetik gorako kulturgileek parte hartu ahalko duten deialdi honetan, banaka nahiz taldeka. Eskaerak Partzuergoko erregistro nagusian (Oiartzungo Udala, Doneztebe plaza, 1. 20180, Oiartzun) aurkeztu ahalko dira edo telematikoki, udalbiltza.eus atariko formularioa osatuta. Urriaren 23an zenbatzen hasita, hilabete naturaleko epea izango da. Informazio gehiago, urriaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso ahalko duzue.