Ostiralarekin batera, musikaz giroturiko arratsaldea gaur, Gure Pakea elkartearen egoitzako jatetxe atarian, Artzabalen. Kultur Poteari lotutako hitzordua izango da; Duo Jade bikotearen emanaldia gaurkoan. "Berriz ere bueltan dira Duo Jade haien kubatar musikarekin, prest? Gu bai, gozatzeko gogoz!", adierazi dute antolatzaileek.
Ostiral arratsalde honetan, 19:00etan hasiko dute emanaldia. Bikotea Yanaysa Prietok (konposatzailea eta kantaria) eta Maygred Bourricaudyk (kitarra jolea eta bigarren ahotsa) osatzen dute. Taldea ezaguna dugu herrian, lehendik zenbait emanaldi eskainitakoak dira; besteak beste, herriko jaietan, baina baita Artzabalen bertan ere. Iazko Kultur Potean ere parte hartu zuten. Musika genero eta estilo ezberdinak jorratzen ditu bikoteak.