Herri eragileen babesa jaso dute Ernaik eta isundutako 133 kideek

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 16a, 15:05

Gazte antolakundearen jardunagatik Ernaiko 133 kideek jasotako isunen aurrean babesa adierazi diete ostiral honetan Usurbilgo plazan eginiko elkarretaratze iraunkorraren bidez.

Ordu eta erdiko elkartasun ekimenak hartu du Usurbilgo plaza ostiral iluntze honetan, Ernai gazte antolakundeari eta isundu dituzten 133 kideri babesa eta elkartasuna adierazteko. Argi zioen, ondoko irudiko pankartak zerk eragin dituen isunok; "gazte borrokan aritzeagatik" izan da; iazko irailean, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen espetxeratzea salatzeko Bilbon eta Gasteizen eginiko ekimenetan parte hartzeagatik hain zuzen.

Guztira 290.500 euroko isuna ezarri diete Ernaiko 133 kideei. Helegiteak aurkeztu dituzte eta horren harira, epaiketa abiaraziko dute azaroaren 28an.

Epaiketaren atarian gazte antolakundeari eta1.500-2.500 euroko isunak jasotako antolakundeko 133 kide isunduei babesa adierazteko mobilizazioa egin dute ostiral honetan Usurbilen. Hainbat herri eragileek atxikimendua adierazi diete ordubete pasatxoz eginiko elkarretaratze iraunkorrean. Hitzorduan parte hartu dute, Usurbil FT eta Usurbil KE-ko seniorrek baita Kuraia Usurbil kickboxing taldeko kideek ere. Deialdiarekin bat egin du baita Usurbilgo Kulturguneak, Aztarrika gazte asanbladak, Kafe Tertuliak, Sarek, EHBilduk eta Sortuk.

Isunon aurrean kolektiboki eta politikoki erabaki dute 133 gazteek helegiteak aurkeztea eta epaitegira jotzea. Azaroaren 28an abiatuko da prozesu judiziala.