Hasteko, arrazakeriaren marko orokorra eta hezkuntzan duen kokapena azaldu dituzte. Ndank Ndank elkarteko kide Eli Dominguezek eta Voryri Bita aktibista antiarrazistak. Eli Dominguezek haur arrazializatuak ditu, eta euskaldunak badira ere, nolakoa arrazakeria pairatu behar izaten duten azaldu du azal kolore ezberdina izateagatik. Senegalen kanpotar eta Euskal Herrian ere kanpotar sentiarazten dituztela jende askok. Hala ere, euren herrian, Bergaran, babesgunea sortu dutela eta bertan eroso sentitzen direla azpimarratu du. Voryri Bita aktibista beltza eta Ginearra da, eta aktibista antiarrazista. Pertsona zurien supremazismoari buruz aritu da eta egunerokoan pairatu behar izaten dituen "mikroarrazakeriez".
Bizipenei tartea egin diete gero Ume Alaia elkarteko kide Blanca Ibarrolaren, Kale Dor Kayiko elkarteko kide Antonio Dualen, Ndank Ndank elkarteko kide Mamadou Sarren, Oihana Fernandez de Barrena aizkolariaren eta eskola publikoko irakasle eta ume arrazializatuen ama den Itziar Larrinagaren lekukotzekin. Amane Mei Otaegi lasartear adoptatuak ere haur eta gazte adoptatuen errealitatea mahai gainera atera du. Bakoitzak bere ikuspegitik eta bizipen propioetatik gai asko jarri dituzte mahai gainean: atzerrian jaio eta Euskal Herrian bizitzeaz, Euskal Herrian jaiotako haur, gazte zein heldu arrazializatuek bizi duten egoeraz eta exotikotasunaz, adopzioez... Jatorri edo kulturaren arabera bizi dituzten esperientziak ere ez direla berdinak esan dute, baina arrazismoaren aurpegi ezberdinen islada direla.
Mokadutxoa egin dute ondoren, Sutegi kanpoaldean, eta amaitzeko, "euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitatean" hizpide duen Zaldibiako esperientzia aurkeztu dute proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Jardunaldiarekin amaitzeko, "ikuspuntua" izan dute hizpide EHUko Gizarte Psikologiako irakasle eta urte luzez SOS Arrazakeriako kide Maitane Arnosok eta gizarte psikologiako doktoretza ikerlari Leire Amenabarrek.