Jazarpenarekin amaitzeko eskatu dute Ernairen aldeko mobilizazioarekin

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 16a, 14:47

Isundutako Ernaiko 133 kideei babesa adierazteko mobilizazioa egin dute Usurbilen.

Hainbat herri eragileek parte hartu dute gazte isunduei eta Ernairi babesa adierazteko ostiral iluntze honetan eginiko ordu eta erdiko elkarretaratze iraunkorrean. Baina ez dira bakarrak izan.

Izan ere, Euskal Herriko eragile sindikal, sozial eta politiko hainbatek ere atxikimendua adierazi diete egunotan kaleraturiko manifestu baten bidez. Albiste honetan beherago duzue osorik.

Abiatzear den epaiketaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat kolektiboren aurka abian duen "jazarpen estrategia" salatu dute asteazken honetan hainbat herri mugimenduk Gasteizen eginiko agerraldian. Protesta sozialen aurkako erasoak geroz eta ohikoagoak direla salatu dute. Horregatik, Jaurlaritzari galdegin diote "jazarpen estrategia sistematikoarekin amaitzeko" eta horrekin batera, "herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatzeko".

Helburua, "Ernai ekonomikoki itoz politikoki desagerraraztea"
Ildo beretik mintzatu zen baita berriki, gazte antolakundea bera. Bidegabetzat jo zuten agerraldi bidez Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren jokabidea. "Izan ere Segurtasun Sailak modu desproportzional eta arbitrarioan erabaki du gure aurkako isun hauek jartzea", ohikoagoa denean "prozesu judizialak abiatzea". Horren helburua "bat eta bakarra dela argi dugu; Ernai ekonomikoki itoz politikoki desagerraraztea, badela bestelako Euskal Herri baten alde lanean ari garenon aurkako errepresio kasu bat".

Ez soilik Ernairen aurkakoa, "helburua gazteria independentista osoa jo-puntuan jartzea da eta hau ez da ausaz erabaki den zerbait. Izan ere, momentu honetan, ezker independentismoa gehiengo politiko eta soziala lehiatzen ari da eta Ernaik ere bere proiektua horren baitan kokatzen du. Hau da, momentu honetan, Ernaik gaitasuna du gero eta gehiago izateko eta benetan espainiar proiektua inpugnatu eta bestelako Euskal Herria baten aldeko proiektua abian jartzeko. Horregatik hain zuzen, hori onartu ezin dutelako" abiarazi dute "gure aurkako errepresio politikoa eta erreakzio hau".

"Urrats kualitatibo bat eman dute"
Ez dute auzi isolatu gisa ikusten, "izan ere, egun, martxan dago bestelako Euskal Herria baten alde lanean dihardugun hainbat kolektiboren eta eragileren aurkako jazarpen estrategia sistematiko bat, modu anitzetan garatzen dena, baina finean, helburu argi bat duena; gure praktika politikoa normaltasunez aurrera ezin eramatea". 

Testuinguru horretan kokatzen dute, urteetan luzatu den Ernairen aurkako jazarpena. Kasu hau, ordea, "bada azken urteetan Ernai jaio zenetik jasan izan dugun bortitzena eta larriena". Salatu dutenez, oraingo honetan, "urrats kualitatibo bat eman dute. Ohikoena da gisa honetako ekimenen aurrean emandako erantzuna, lauzpabost kide isundu eta identifikatzea izaten da eta ez kasu honetan egin bezala, ekimeneko parte hartzaile guztiak identifikatu eta ostean isuntzea hain modu altuan eta kopuru horietan".

"Epaitegietara goaz"
Salatu dutenez, Ernai desagerraraztea helburu duen dinamika honi "neurria hartu behar diogu eta honen dimentsioa eta larritasuna azpimarratu behar da". 

Testuinguru honetan, "unea da urrats bat aurrera egiteko". Azken hilabeteotan eginiko mobilizazioen ondotik, azaroaren 28an Gasteizen abiatuko den prozesu judiziala irekitzea erabaki dute. "Erabaki politiko bat da" hau, Ernairen esanetan, "praktika sistematiko hau salatu eta sozializatzeko eta Euskal Herrian eragile politiko zein gazte orok bere jardun politikoa normalizatua garatu ahal izateko bermeak ezartzeko da". 

Erabaki kolektibo bat dago horren atzean; isundutako 133 gazteena. "Errepresio ekonomikoarekin zerbait bilatzen badute, bada auzia pertsonalizatu eta indibidualizatzea. Modu kolektiboan erantzungo diogu auzi honi. Beraz, epaitegietara goaz", iragarri dute. 

Isunen bidea itxi behar izan dute lehenik, horretarako. Hala, 133 helegite aurkeztu dituzte eta horrekin, "epaiketa prozesua hasiko dugu hurrengo hilabeteotan, Segurtasun Sailaren bidegabekeria hau salatzeko". 

Azaroaren 28an izango da Gasteizen. Eskerrak helarazi dituzte Euskal Herri mailako gazte antolaundetik berriki, jasotako elkartasunagatik. Abian duten crowdfunding kanpainari segida ematekotan dira, "antolakundearen jarraipena aurrera eraman eta borroka kolektibo hau mantendu ahal izateko". Eta horretara gonbidatu dute; "elkartasuna pizten eta gure ekimenetan parte hartzen jarraitzera gonbidatzen dugu euskal jendartea". Ostiral honetan, Usurbilen egin duten moduan.

EUSKAL HERRIKO HAINBAT ERAGILEEN MANIFESTUA
Jazarpenarekin amaitu
2024ko apirilean Ernai gazte antolakundea osatzen duten 133 kide protesta ekimen bat burutzeagatik isunduak izan ziren. Isunak 2.500 eta 1.500 euro bitartekoak dira, eta osotara, 290.500 euroko kostu ekonomikoa suposatzen dute. Eraso horrek Ernai egoera oso larri batean kokatu du; izan ere, operazio horrek, Ernai ekonomikoki itoaraziz politikoki ezeztatzeko helburuari erantzuten dio.

Hori horrela, manifestu hau sinatzen dugunok antolakundearekiko gure elkartasuna adierazi eta prozesu judiziala abiarazteko erabakiarekiko gure atxikimendua adierazi nahi dugu.

Era berean, egoera hau Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragilek, sindikatuk, eta oro har mugimendu sozialek bizi dugun egoera problematizatzeko eta salatzeko baliatu nahi dugu. Izan ere, Ernairen aurkako auzi hau ez da egoera isolatu bat, Euskal Herrian mugimendu sozialen aurka abian dagoen jazarpen estrategia oso baten baitan kokatu behar dugu.

Euskal Herrian ezkutatu eta normalizatu nahi duten arazo larri bat bizi dugu. Egun, bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko lanean dihardugun hainbat antolakunde zein kolektiboren aurka modu anitzean garatzen den jazarpen estrategia bat existitzen da. Testuinguru horretan, azken urteetan, geroz eta ohikoagoak bihurtu dira Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak protesta sozialen aurka egindako erasoak. Manifestu hau sinatzen dugun askok eta askok, gure jardun politikoa aurrera eramate hutsagatik modu desberdinetan jazarpena jaso dugu. Hori horrela, Euskal Herriko hainbat mugimendu sozialek ezin dugu gure jardun politikoa erabateko normaltasunez aurrera eraman, eta horrek gure eskubide zibil eta politikoekiko eraso zuzena suposatzen duela salatu nahi dugu.

Era berean, erantzule nagusitzat Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila dugula adierazi nahi dugu. Izan ere, Segurtasun Sailak aspalditik eskema berdintsu bat baliatu du mugimendu sozialen protesten aurka egiteko; mugimendu sozialak eta horien aldarrikapenak kriminalizatu, protesta sozialak jazarri eta azken bitarteko gisa mugimendu sozialetako militanteak isundu edota atxilotu. Sistematikoa bilakatu den praktika erabat larria dela deritzogu eta horri aterabide bat eskaintzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Gure ustez, praktika horren gaineko eztabaida zabaltzeko tenorean gaude, eta manifestu honek horretarako bitarteko izan nahi du. Izan ere, bi dira mugimendu sozialetatik mahaigaineratzen diren proposamenei, aldarrikapenei eta eztabaidei heltzeko moduak. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duen bezala hauei entzungor egin eta hauek jazarri. Bestetik, eztabaidari helduz, honen garapenerako bermeak ezarriz eta herritar ororen adierazpen askatasuna errespetatuz. Gu modu irmoan bigarren horren alde lerratzen gara.

Horregatik, erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarengan kokatzen dugu, jazarpen estrategia sistematikoarekin amaitzeko exijitzen diogu eta herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatzeko galdegiten diogu.

Beraz, manifestu hau sinatzen dugunok, bakoitzak bere eragin esparrutik, adierazpen askatasunaren alde eta jazarpenaren aurka lanean jarraituko dugu; era berean, euskal jendartearen osotasunari konpromiso honi atxikitzeko gonbita luzatu nahi diogu.

Atxikimendua adierazi duten Euskal Herriko eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoak:
AHT! Gelditu Nafarroa, Alternatiba, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Bilboko Konpartsak, Bilgune Ekosoziala, Bilgune Feminista, Contrapunto Decolonial, EH Bildu, EHGAM, EHko Etxebizitza sindikatuen sarea, ESK, Eusko Alkartasuna, Ekologistak Martxan, Emakumeen Mundu Martxa, Etxalde, Extintion Rebellion (Bizkaia eta Iruñea), Gazte Abertzaleak, Gazte Feministak, Gasteiz Antiarrazista, Gurea Geroa (EHko pentsionistak), Haritu, Ikama, Jauzi, Joxemi Zumalabe, LAB, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Olatukoop, San Fermines 78, Sortu, Steilas, Sustraiak eta Yalah Nafarroa con Palestina.