Beroketa egin eta taldeak osatzeko, uztai joko klasikoarekin hasi dira frontoian hurbildu den ume mordoska bat. Sei taldetan banatu, eta sei gunetatik pasatu dira hainbat jolas egitera: hondarrezko menditxoari hondarra kendu makila erori gabe, Kubako kanika jolasa, frisbeearekin bolo bati eman... egunerokotasunean ohituta dauden jolasak eta erabat berriak direnak egiteko aukera izan dute. Helburu bakarra: munduko mapan jartzeko gometxa lortzea joko bakoitzaren amaieran, eta hala, kontinente bakoitzean gometxa bat lortzea.
Aukera paregabea izan dute geografiako kontzeptuak errepasatu eta berriak ezagutzeko, eta horrekin batera, leku eta pertsona berriak ezagutzeko jokoen bidez.