Aurrestreinaldia

Harrera jendetsua egin diote "Go!azen" telesailari

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 16a, 08:21

Ostiral iluntzeko "Go!azen" telesailaren denboraldi berriaren aurreestreinaldiak bitan bete du Sutegi.

Zalantzan jarri ezinezkoa da "Go!azen" telesailak gaztetxoenen artean duen arrakasta. Euskal Telebistaren saioak duen harreraren lekuko zuzena izan da ostiral hau Sutegi. Kultur-etxeko auditorioa bitan bete du denboraldi berriko lehen atalaren aurrestreinaldiak. Hitzordua Usurbilgo Udalak, UEMA-k eta ETB-k antolatu zuten. Gonbidapenak azaroaren 8an doan eskuragarri jarri orduko agortu ziren; hiruzpalau ordura arratsaldeko 18:00etako proiekziorako, iragan asteburuan bertan 19:30etakorako.

Makusin ere ikusgai
Azaroaren 22an estreinatuko du saio honen hamaikagarren denboraldia Euskal Telebistak. Aurrez, ordea, Euskal Herriko hainbat txokoetan lehen atala ikusteko aurrestreinaldiak antolatu dituzte; tartean, aipatu moduan, Usurbilgo Sutegin.

Sutegira joan ezinik geratu zaretenontzat oharra; Makusi plataforman ere ikusi daiteke  "Altxor Ezkutua" izeneko "Go!azen" telesailaren denboraldi berriko lehen atala. Azaroaren 22tik aurrera ikusi ahalko dira atal berriak ETB1 katean nahiz eitb.eus atarian. Segidan, Makusi eta Nahieran plataformetan ere bai.

"Nobedadez beteta"
Euskal Irrati Telebistatik aurreratu dutenez, hilaren 22ko lehen atal hori eskaini aurretik, horren "bideoak ere Makusin ikusi ahalko dira, primizian, eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) eduki berezi eta esklusiboak landuko dira, telesaila hasi aurretik (#goazenoroitzen traola erabilita) eta denboraldi osoan zehar".

"Go!azen" telesailaren hamaikagarren denboraldia, "nobedadez beteta" dator. "Aurtengoan ere Basakabiko gaztetxoen abenturez gozatzeko aukera izango da, betiko osagaiak nahastuta: lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak, umorea… eta, jakina, musika eta dantza ez dira faltako. Ez ahaztu, eginagatik distira, denak urre ez dira!", berri eman dute EITB-tik.

Hamargarren denboraldiko pertsonaiak eta kide berriak bilduko dira Basakabin. Iazkoen artean dira, "Garazi (Nerea Elizalde), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta), Luken (Ander Lacalle), Aner (Xabier Elizalde), Bosko (Ander Ayerza) eta Maitane (Nerea Arriola)"; pertsonaia berrien artean, aldiz, "Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar)".