Mundu bat batu zen larunbat iluntzean Usurbilgo frontoian. Sorterri ezberdinen topagune bilakatu zen Mundualdia ekimenari esker. Metro gutxi batzuetako eremuan, nazioartean barrena bidaiatzeko aukera izan zuten bertara joandakoek. Venezuela, Kuba, Mauritania, Kolonbia, Nikaragua, Sahara, Brasil edota Pakistan bisitatzeko aukera izan zuten, tokian tokiko gastronomiaren bidez, Usurbildik mugitu ere egin gabe.
Jakiok izan ziren herritarren arteko hartuemanen zubi. Sorterri ezberdinetako herrikideek sukaldatu eta zerbitzaturikoak izan ziren. Izan ere, jakiak aitzaki baitziren udalerri honetako sorterriak ikusgarri egin eta sorterriotako herrikideak elkar ezagutu, elkartu eta harremantzeko.
Erdigunean
Bapo egin zuten jaki dastaketa honetara joandakoek. Hasi baino lehen, dagoeneko ilara egina zuten postu batzuen parean. Martxan jarri bezain laster, irrikaz gerturatu ziren postu guztietara. Bapo jan eta edateko aukera izan zen, hainbat postuetako elikagaiak agortu arte.
Hein handi batean, familiak zeuden postuen atzean, belaunaldi ezberdinetako herrikideak, gure artean bizi direnak, kalean gurutzatu ditzakegunak, atzokoan herri dinamika baten erdigunean.
Aipatzekoen artean, besteak beste, fusio berezi baten lekuko izan ginen; Kuba eta Euskal Herriaren artekoa hain zuzen. Bi herriokin batera, belaunaldiartekotasuna ere sustatu zuen postua izan zen; belaunaldiarteko etxebizitza komunitario Txirikordako bizilagunena zen.
Hauen eta gainerakoen irudiak dituzue segidan.